Pieza bereziak egiten ditu egurrarekin, Maider Kalonje artistak; eta horietako asko, Biterin jarri ditu ikusgai, egun hauetan. Egur taila erakusketa jarri du irailaren 14ra arte, eta arratsaldez bisitatu daiteke, 18:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretan, Kalonje bera ere egongo da erakusketan, nahi duenari bere lanei buruzko azalpenak emateko.
Egurrezko piezen artean, badira batzuk, bereziki deigarriak egiten direnak, toki guztietatik ez direlako berdin ikusten. Hiru erretratu dira, eta ondo ikusteko, pixka bat urrundu beharra dago. «Hiru horiek dira, guztien artean niri gehien gustatzen zaizkidan lanak», onartu du Maider Kalonjek berak.
Beste asko, berriz, pieza ezagunagoak dira: forma edo irudi ezberdinetan egindako erlojuak, kutxak, termometroak eta bestelakoak.