Bueltan izango da beste urte batez, urria iristearekin batera, Hernaniko Bakailu Astea. Urriaren 8tik 21era antolatu dute aurten, eta beste hainbat ekintzaren artean, ez da faltako Tabernen Arteko Pintxo Lehiaketa ere.
Horretan parte hartzeko, orain dute izena emateko garaia, herriko tabernek. Gaur hasi eta irailaren 12ra arte daukate epea. Hiru bide jarri dituzte aukeran, izena emateko, inskripzioa ordaintzeko eta edozein zalantza argitzeko: Biteriko turismo informazio puntuan, 943 33 70 28 telefonoan, edo turismoa@hernani.eus helbide elektronikoan. Bulegoan zein telefonoz egiteko, astelehenetik ostiralera izan behar da, goizeko 08:00etatik 15:00etara bitartean. Berriak elkarteko bazkide direnek, gainera, elkarteko telefonoan ere egin dezakete: 943 33 30 49.
Jatetxeei gonbitea, menuan edo kartan bakailua jartzeko
Antolatzaileek, gonbitea luzatu diete herriko taberna guztiei, lehiaketan parte hartzeko; eta jatetxeei, bi aste horietan bakailua jartzeko menuan edo kartan. Horretarako ere, orain eman behar dute izena.