Santa Barbarako harrobiko hustutze lanak bukatuta, fase berri bati eman zion hasiera Hernaniko Udalak: erabakitzea nolakoa izango den bertan egingo den aisialdi gunea.
Horretarako, SB Harrobira! partehartze prozesua jarri dute martxan, eta lau tailer egingo dituzte, irailean eta urrian zehar, herritar guztiei irekita. Gaur bertan izango da aurreneko saioa, Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan, harrobiko egoeraren eta mugen berri emango dute.
Deituko duten bigarren saioan, berriz, harrobiaren erabilera posibleak proposatuko dituzte, eta bideragarriak diren hausnartuko dute; eta aldiz, partehartze prozesuaren azkeneko bi tailerrak, erabakitzeko izango dira.
Gerora, azaroan osatuko dute behin betiko txostena, eta emango dituzte beharrezko pausoak, erabakiak gauzatzeko.
Herritar guztiei luzatu die gonbitea Udalak, tailerretara gerturatu eta parte hartzeko: «helburua da herritarrek eta elkarteek partehartze aktiboa izatea prozesuan, eta kolektibo guztien interesak eta ideiak izango dira ongietorriak», animatu dituzte.