Tailer moduan erabiltzen dute askok Iker Inzak Etxeberri auzoan daukan Distopia Games denda. Trokelean etortzen diren piezekin miniaturak eraikitzen dituzte, eta eskuz margotu, gero. «Jendea etorri, eta margotu egiten du», dio Inzak.
Era berean, noizean behin txapelketak antolatzen dituzte. Abuztuan, Magic karta jokoa ezagutzeko aukera eman zuen, adibidez. Donostiako Valhalla elkarte ludikoarekin elkarlanean aritzen da horrelakoetan. «Aisialdi alternatiboa eskaintzen dugu. Jende asko mugitzen du honek; dendetako txapelketetan, hemen, 20 bat lagun, baina eskualde mailakoetan, 100dik gora!».
«Armada mota desberdinak eraiki daitezke (...), bakoitzak nahi duena sortzen du»
Hainbat unibertso eraikitzeko aukera
Kartak baino gehiago, miniaturak nahiago ditu Inzak. Hainbat unibertso eraikitzeko aukera ematen duela azpimarratzen du. «Miniaturak eraiki, margotu, eta unibertso desberdinetan gudak irudikatzen dira. Etorkizunekoak, antzinakoak, fantasiazkoak... Eszenografia guztia ere montatu egiten dugu».
Joko ezagunen artean, Star Warsen oinarritutako X-Wing edo fantasiazko futbola irudikatzen duen Blood Bowl aipatzen ditu. «Kaja erosi, eta miniaturak eraiki behar dira aurrena. Beti dago hasierako kaja bat, margotu gabeko miniaturak dauzkana, eta araudia. Baina gero, armada mota desberdinak eraiki daitezkeenez, kaja txiki pila bat daude aukeran, eta bakoitzak nahi duen armada sortzen du».
Adinik ez
Miniaturekin aritzea nahiago badu ere, karta jokoak ere izaten dira. Magic: The Gathering izan da abuztuko txapelketarako erabilitakoa. «Sobreak erosi, eta egokitzen zaizkizunekin zure karta-sorta sortzen duzu».
Monopoly, Risk edo Trivial bezalako jokoak gustoko dituzten asko engantxatzen dira joko berri hauetara ere, eta Inzaren esanetan, ez dago adinik: «batezbestekoa 16 urtetatik 55 urtera artekoa da!».
X-Wing miniaturekin txapelketa, igandean
Denda mailako Magic Txapelketa antolatu zuen abuztuan Distopia Games dendak, eta ez da antolatzen duen bakarra.
Batzuetan, Hernaniko dendan bertan egiten dira horrelakoak. Baina beste batzuetan, Donostiako Balleneros kalean dagoen Valhalla elkarte ludikoarekin bat eginda aritzen da.
Hain zuzen, igande honetan, 09:00etan, X-Wing miniaturen denda mailako txapelketa jokatuko da Valhallan; seguru asko, 1.0an azkenetarikoa. Izena eman behar da aurretik, eta Distopia Gamesen egin daiteke.