Ehun urte bete dira aurten, 1918ko gripeak mundu osoan gogor jo zuenetik; gaixotasunak Urumea bailarako herrietan izandako eragina aztertu berri du Josu Arrieta hernaniarrak. Eta, hain justu, berak jasotako datuekin osatu du Kronikak erreportaje hau.
‘Espainiar gripea’ ezizenarekin ezaguna
Arrietak azaltzen duen bezala, «espainiar gripea ezizenarekin pasa da historiara, eta eragin izugarria izan zuen mundu osoan zehar». Dena den, «Estatu Batuetan izan zuen jatorria; aurreneko Mundu Gerran parte hartzen zuten Estatu Batuetako soldaduek Europan zabaldu zuten, eta gero, handik mundu osora hedatu zen».
1918ko udaberrian izan zuen aurreneko agerraldia, baina udara bukaeratik udazkenera arteko bigarrengoak izan zituen «eragin latzenak».
Balantze mundiala «ikaragarria» izan zela dio Arrietak, ikertutakoaren arabera, eta «gerrak baino hildako gehiago» utzi zituela. Hain zuzen, mundu mailan biztanleriaren %1-%1,5 hil zela kalkulatzen da.
Urumea bailaran ere, eragina «izugarria» izan zela dio.
«‘Espainiar gripea’ ezizenarekin pasa da historiara, eta eragin izugarria izan zuen mundu osoan zehar»
Aurreneko informazioak, Nafarroatik
La Voz de Guipuzcoa zen garai horretan erreferentziazko egunkarietako bat, eta bertan, irailaren 8ra arte ez da gripearen erreferentziarik agertzen. Aurreneko hori, gainera, Nafarroatik dator; Iruñeako korrespontsalak Goizuetako egoera azaltzen du. Bertan dio 300 gaixo daudela, 8 hildako izan direla bi egunetan, medikua ere gaixotu dela... Arrietak dio «kronikak esajeratu» egiten duela egoera, baina Goizuetan egoera «oso larria» zela (garaiko albiste originala irakurtzeko: www.kronika.eus).
Aurreneko kronika horrek alarma piztu zuen Euskal Herriko herrietan, nahiz eta gripea ez den inon aipatzen, eta herri batzuetan neurriak hartu zituzten. Horietako bat izan zen Hernani; neurri gogor bat hartu zuen herriak, hain zuzen, Nafarroarekin muga ixtea.
Urritik aurrera, gai nagusia
Urriaren hasieratik aurrera, eta hil osoan zehar, hartu zuen garrantzia gaiak La Voz de Guipuzcoa egunkarian. Josu Arrietak adierazi bezala, «herrietan dauden gripe kasuak, erakundeek gripearen epidemiaren aurrean hartzen dituzten neurriak, mugaren kontrolak eta itxierak...» irakurri daitezke.
Gripea hernanin
Andre Kalea izan zen Hernanin, kaltetuena
77 hildako izan ziren 1918ko urrian Hernanin, urte osoko hildakoen erdia; gripeak herrian izandako eraginaren islada da datu hori. Herrian hartutako neurriak ere, gogorrak izan ziren. Horiek guztiak aztertu ditu Arrietak.
Goizuetako egoeraren berri eduki bezain laster, neurri gogorrak hartu zituen Hernanik, Udalaren eskutik. Izan ere, Herriko Osasun Batzordearen bitartez, Udala izan zen epidemia kudeatu zuena.
Aurreneko bilera, irailean
Esan bezala, Goizuetatik zetozen berriek asko aldatu zuten egoera Hernanin; aurretik ‘tifusa’ zena, Nafarroako herrialdeko epidemiarekin lotu zuten. Hori ikusita, premiazko bilera deitu zuen Herriko Osasun Batzordeak. Bertan erabaki gogorrak hartu zituztela azaltzen du Josu Arrietak, besteak beste: «epidemia sortu zuen gaixotasunaren berri izatea, Probintziako Osasun Inspekzioari premiazko abisua ematea, mediku azterketa egin aurretik Goizuetatik datorren edozein laguni debekatzea Hernanin sartzea, gobernadoreari berri ematea hartutako osasun neurrien zailtasun ekonomiko eta naturalez, eta Urumeko uraren erabilera eta bertan bainatzea debekatzea».
Ez ziren, ordea, neurri bakarrak izan: «bilera berean arbitrioak -jan, edan eta erretzeko produktuen salneurrien gaineko errekarguak- kobratzeko Biterin zeukaten garita Naparralde baserrira eramatea erabaki zuten, hau da, Nafarroarekin Hernanik duen mugara, bertan, Goizuetatik zetozen goizuetarrei osasun azterketa egiteko, gaixo-aztarnak ez dituztenak desinfektatzeko eta guardak muga zaintzeko».
Horrez gain, desinfekzioak, arropen inguruko neurriak eta gaixoen isolamendu batzuk ere izan ziren garai horretan.
Erabaki gehiago, aurrerago
Behin tifusa baztertuta, gripearen epidemia diagnostikatu, eta berriro ere bildu zen Herriko Osasun Batzordea 1918ko irailaren 17an. Bilera hartan, aurrekoetan ezarritakoekin jarraitzeaz gain, erabakitzen dute Probintziako Osasun Inspekzioari beste mediku bat eskatzea, baina Josu Arrietaren azterketaren arabera, «ez du onartzen».
Segidan beste bi bilera egin ziren: irailaren 19an eta urriaren 4an. Azkeneko honetan, Arrietaren ikerketaren arabera, «Goizuetako bizilagun batzuk Hernani bisitatzeko baimena eskaera» aztertu zuten; epidemia bukatu arte ukatzea erabaki zuten.
Gripearen bukaera adierazten duena, aldiz, azaroaren 11ko bilera izan zen: «ikusita epidemia guztiz desagertu zela, Gobernadoreari hurrengo ostegunetan ganadu azoka egiteko baimena eskatzea erabaki zen, baita musika emanaldia hurrengo igandean izatekoa eta astelehenean, eskolak, desinfektatu ondoren, berriro irekitzekoak ere».
Andre Kalean, gehienak
Hildako eta gaixotuak asko eta asko izan ziren Hernanin, Josu Arrietak egindako azterketaren arabera, eta bereziki urrian nabaritu zen hori: «urrian 77 lagun hil ziren Hernanin, gehienak gripearen ondorioz». Gainera, dio: «16 eta 50 urte bitartekoen artean, gutxienez, 59 lagun hil ziren. Beste 14 lagunek, 16 urte baino gutxiago zituzten». 142 lagun hil ziren 1918; horietatik erdia hil zen urrian zehar.
Adin-tartea bakarrik ez, herriko auzoen arteko konparaketa ere egin du Arrietak. Hala, jakin daiteke: Andre Kalean hil zela jende gehien, 16 hildako izan ziren orduko Urumea kalean; Kale Nagusian, 11; orduko Lasarten, 6; Portun, 4; Lizeagan, 2; Martindegi baserrian, 4; Elorrabin, 2; Villa Martinen, 2; Altuna baserrian, 1; eta Argindegin, 1; eta Tximistenean, beste 1. Irubiden, Antziolan, Lastaolan, Okendoenean, eta beste zenbait baserrietan eta etxeetan ere izan ziren hildakoak.
Gripea goizuetan
Aurreneko hildakoa, fiesten bueltan
Erregistro Zibilean aurkitutakoaren arabera, aurreneko hildakoa abuztuaren 18ean izan zela baieztatzen du Josu Arrietak.
Goizueta izan zen gripearen aurreneko kasuak izan zituen Urumea bailarako herria, datuen arabera. Horrela bada, abuztuaren 18an izan zen aurreneko hildakoa, 22 urteko emakumea, Josu Arrietak Erregistro Zibilean aurkitutako agirien arabera: «Bronco-pneumonia gripala da agiriaren arabera heriotzaren diagnostikoa».
Eta horrek pentsarazi dezake nolabait, «birusa jai egunetan herrian zegoela, eta Ama Birjinetako festak ospatzeko bildutako herriko bazter guztietako lagunen artean erraz zabalduko zela».
Aurretik azaldu bezala, alarmak iraila hasieran piztu ziren, bai Goizuetan, eta baita inguruan ere, La Voz de Guipuzcoako kronikaren eraginez, besteak beste.
Goizuetan Herriko Osasun Batzordeak hartu zuen bere gain epidemiaren kudeaketa. Dena den, Udalak ere laguntza eskaini zuen, batez ere ekonomikoa, Plenoetako aktek jasotzen duten bezala.
Hiru bilera, Osasun Batzordeak
Beste herrietan bezalaxe, neurriak hartu behar izan zituen Goizuetako Herriko Osasun Batzordeak. Horretarako, hiru bilera egin zituzten irailean zehar: irailaren 2an, 3an eta 10ean.
Aurreneko bileran, erabaki garrantzitsu batzuk hartu zituzten. Aurrenekoa: «bando bat argitaratzea, famili buru bakoitzak etxe aurrea garbitu behar zuela agintzen zuena, eta jasotzen zen zaborra Udalaren arduradunak eramango zuela esanez, bost pezetetako isuna jarriko zitzaiola betetzen ez zuenari». Horrez gain, Aranoko praktikantearen laguntza eskatzea erabaki zen, baita harakinari gaixoei elikatzeko adina behi haragiz hornitzeko.
Ordu gutxitan, gripea herrian asko hedatu dela ikusita, bigarren bilera bat deitu zuten hurrengo egunerako. Bertan erabaki zen garaiko Udal idazkaria Iruñean bilduko zela Gobernadorearekin eta Probintziako Osasun Inspektorearekin, egoeraren larritasunaren berri eman eta herria bisitatzeko eskaera egiteko. Irailaren 9an egin zuen bisita Gobernadoreak; eta Inspektoreak hilaren 10eko bileran hartu zuen parte.
Hildakoak, bikoiztuta
1918ko gripearen eragina nolakoa izan zen ikusteko, 1917ko datuekin alderatzen du Arrietak: 1917an 14 hildako izan ziren Goizuetan; 1918an, aldiz, 30. Irailean eta urrian izan ziren hildako gehienak, 15 eta 4, hurrenez hurren. Iraileko guztiak, gripeak jota.
Gripea aranon
Munduko batez bestekoari segika, Aranon
Aranoarren %1ari eragin zion gripearen epidemiak 1918an.
Aranoko datuak biltzea zailagoa izan da Josu Arrietarentzat, izan ere, «udal artxiboan, Aranoko osoko bilkuren aktetan gripearen epidemiaren arrastorik ez dago, eta Herriko Osasun Batzorderik ere, ez zegoen».
Goizuetako agirietan ikusi bezala, seguraski «Goizuetarekin medikua partekatuko zuten, eta herrian Osasun praktikantea besterik ez zen egongo», dio Arrietak.
Dena den, dio 1918an gripeak herri txiki honetan ere jo zuela: «irailean eta urrian lau hildako utzi zituen: 14 hilabeteko haurra, eta 17, 26 eta 33 urteko hiru gazte». Hori horrela, urte horretako biztanleria 433 lagunekoa zela kontuan hartuta, «biztanleriaren %1ari» eragin zion. Hortaz, mundu mailan kalkulatutako ehuneko kopurua.
Egilea
Josu Arrieta, erregistroa arakatu duen herritarra
«Duela urte batzuk» irakurri zuen Arrietak Fernando De Santiago Urquijoren tesia, eta orduan izan zuen 1918ko gripearen berri.
Fernando De Santiago Urquijok 1986an idatzitako Historia de la Medicina en la Villa de Hernani tesiari esker izan zuen 1918ko gripearen berri aurrenekoz Josu Arrieta hernaniarrak. «Duela urte batzuk» irakurri zuela onartu dio Kronikari, eta aurreneko irakurketa horretatik «Osiñagako datuak bilduta» zeuzkala, «4 hildako izan ziren».
Baina hortaz aparte «ez nuen ezer egin», onartzen du. «Aurten, ordea, Berrian irakurri nuen gripearen inguruko zerbait, eta datuak biltzen hasi nintzen», dio. Eta horiekin, bi txosten entregatu ditu Kronikan, herriak gertatutakoaren berri izan dezan. Izan ere, Goizuetako kasuan adierazten duen bezala, «gaur egun, 1918 urteko gripeaz ez dago oroimenik, ezta kanposantuan garai hartako arrastorik ere. Ehun urte pasa dira, eta tarte horretan, aurreko tragediek txikiak utzi zituzten gertaera franko».
Agiriak bilatu beharra, datuak osatzeko
Datu guztiak biltzeko, beraz, udaletako artxiboak arakatu behar izan ditu: Herriko Osasun Batzordeetako aktak, Erregistro Zibileko heriotzen agiriak eta Plenoetako aktetan aurkitu izan ditu datuak.
Hernaniren kasuan, Plenoetan aipamen bakarra aurkitu du, eta Herriko Osasun Batzor-deetako aktak desagertuta zeudela konturatu da. Hortaz, De Santiago Urquijoren tesia izan da erreferentzia nagusia udaletxean ez zeuden datuak aurkitzeko.
Beste unibertsitate-lan bat ere erabili du 2016an argitaratutako Anton Erkorekaren La Pandemia de gripe española en el País Vasco (1918-1919).