Uzta berriarekin lanean hasteko garaia hasi ohi da irailarekin, baina aurreko urteko sagardoa dastatzeko unea ere bada. Eta horretarako, hainbat jarduera antolatu ditu Sagardogileen Elkarteak irailerako. Aurrenekoa gaur izango da, Donostiako Sagardo Eguna. Goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara izango da, Konstituzio plazan.
Eguerdian, topa
Hiru ordu horietan zehar, sagardoa dastatu ahal izango da, baita ofizioaren inguruan ikasi ere. Horretarako, erakusketa jarriko dute Sagardogintza, gure ofizioa izenburupean. Gainera, sagarrak bildu, jo eta tolare zaharrarekin lehenengo muztioa atera ahal izango da.
Goiz osoko zita izango bada ere, bi zita zehaztu dituzte. Aurrenekoa, sagardogileen topa izango da; eguerdiko 12:30etan egingo dute Plazan, eta bertan omenduko dituzte Juan Ignacio Astiazaran eta Isabel Diaz, sagardogintzari zein Elkarteari eskainitako lana eskertzeko.
Segidan, eguerdiko 13:00etan, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren dastatze gidatua egingo dute.
Horrez gain, aurtengo nobedade bezala, sektorearen inguruko informazioa eskainiko dute, baita produktuen salmenta ere.
Txapelketa Herrikoiak, Goizuetan parada
Laugarren edizioa izango du aurtengoa Euskal Herriko Sagardo Lehiaketa Herrikoiak, lau finalaurreko eta finalarekin. Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte; finalaurreko bat, gainera, Goizuetan izango da.
Irailaren 15erako jarri dute zita goizuetarrekin; gaueko 21:00etan izango da, Umore Ona Elkartean. Edonor izan daiteke epai-mahaikide, afaritarako txartela erosi besterik ez du: Sagardogileen Elkartean, 943 33 68 11 edo info@sagardoa.eus helbidean, edota herriz herriko hainbat txokotan erosi ahal izango dira, 26 euroan.