Azken bi urtetan bezala, aurten ere Kontxako Bandera lortzeko lehian aritu nahi du Hernaniko Arraun Elkarteko Maialen traineruak.
Horretarako, gaurko sailkatze estropadan jokoan dauden zazpi postuetako bat irabazi beharko du. Zaila izango denik ezin da ukatu, baina ez da ezinezkoa. Beste traineru batean aritzen den arraunlari hernaniar batek dioen bezala (elkarrizketa, larunbateko Kronikan), «Kontxa, Kontxa da, eta denok dena emango dugu hor egoteko».
Parekidetasuna, sarietan
Arratsaldeko 17:30etan hasita, emakumezkoen 16 traineruk egingo dute borroka, zazpi postuetako bat (Donostiarra sailkatua dago) lortzeko. A multzoan ariko dira Cabo, Riveira, Deustu, Arraun, Hibaika, Hondarribia, Orio eta San Juan; azken hau, Eusko Tren Ligako irabazlea izan da. Hernani B multzoan ariko da, Perillo, Mugardos, Colindres, Kaiku, Lapurdi, Lea-Artibai eta Tolosaldearekin. ETE ligan seigarren eginda, zaila izango da, baina borrokarako prest eta ilusioz daude neskak. Emakumezkoen ondoren, gizonezkoen sailkatze estropada etorriko da.
Lehian paretsu zein ontzi ibiliko diren, ezin jakin. Baina aurten, aurrenekoz parekatuko direnak, sariak izango dira. Emakumezko zein gizonezko, aurreneko hiru traineru sailkatuei sari bera jasoko dute: 24.000, 15.000 eta 12.000 euro hurrenez hurren.