Goizuetako lurretan dagoen Artikutza Parke Naturala bisitatzeko eguna da gaurkoa; San Agustin eguna.
Urte osoan gerturatu ahal izaten da bertara, baina gaurkoan, baimen-eskaerarik gabe kotxeak ere gerturatu daitezke, eta egun osoan festa giroa izaten da nagusi, goizeko 11:00etako mezaren ondorenetik.
Azoka, goizean goizetik
Donostiako Udalak antolatzen du gaurko festa eguneko egitaraua, Artikutza Goizuetako lurretan badago ere, 1919tik Donostiako Udala baita jabea.
Egitarauari mezak ematen dio hasiera, 11:00etan. Baina lehenagotik, goizeko 08:00etan ateak irekitzen direnetik, hainbat eskulangile eta nekazal produktuen ekoizleek postuak irekitzen dituzte, azokan. Era berean, jan-edanerako aukerarik ere ez da falta izaten.
Mezaren ondoren, goizeko 11:30etan hasiko dira pelota partiduak, Artikutzako frontoian. Bazkalondorenean, berriz, herri kirolen txanda izango da. Arratsaldeko 17:30etan hasiko dira harria jasotzen Haimar Irigoien; txingekin lanean, Xanta Sousa; eta aizkorarekin jo eta su, Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugerza, Donato Larretxea eta Iker Bizente.
Eguna borobiltzeko, dantzaldia izango da 19:30etatik aurrera.