Urtero berritzen du Hernani Errugbi Elkarteak laguntzaile zerrenda, eta denboraldi berrirako, atzo jarri zuen martxan abonatu egiteko kanpaina berria: kolaboratzaile, abonatu edo enpresa laguntzaile egin daiteke.
Aurten, interneten ere bai
Kolaboratzaile egiteak 30 euro balio ditu; abonatu egiteak, berriz, 60 euro; eta enpresa laguntzaile izateak, 240 euro.
Ordainketa egiteko, urtero bezala, hiru modu daude aukeran: Landarera bertara joatea, astelehenetik ostegunera 18:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian; elkartean kontu korrontean dirua sartuta (Rural Kutxa 3008 0170 18 1033933928) edo norberaren kontu korronte zenbakia elkarteari emanda.
Auretik, noski, izena eman behar da, eta hortxe dago aurtengo berrikuntza. Izan ere, izena emateko orriak Landaren bertan jaso daitezke, beti bezala, baina aurten, baita webgunean ere: www.hernanirugby.eus/denda loturan, hain zuzen ere.
Modu batera edo bestera, Datuen Babeserako Legea medio, izena emateko orriarekin batera, sinatu beharreko beste paper bat emango da.
Gogorarazi dute abonatu egiten direnek ez dutela Landareko partiduak ikusteko sarrerarik ordaintzen. Kolaboratzaileek bai, baina bai batzuk eta bai besteak, berdin sartuko dira bazkari baten zozketan.
Era berean, partidu guztietan, sarrerarekin batera Adarraga Gozotegiko tartaren zozketarako zenbakia ere banatzen dutela azpimarratu dute.
Txartelak, ordainketaren ondoren
Behin ordainketak eginda, abonatu edo kolaboratzaileek elkarteko txartela jaso ahal izango dute.
Internet bidez egiten dutenek, egun pare baten bueltan jasoko dute, adierazi duten helbidean. Gainontzekoek, Ohorezko Mailako taldeak etxean jokatuko duen aurreneko partiduan izango dute jasotzeko prest: Cisnerosen aurkako irailaren 23koan.
Melokotoi txapelketan, neskak
Errugbilariei dagokioenez, Ohorezko Mailakoek irailaren 16an hasiko dute Liga, Bartzelonaren kontra. Baina pasa den asteburuan lagunartekoa jokatu zuten Mauleren kontra, eta ondo arituta ere, 19 eta 31 galdu zuten.
Neskak, berriz, larunbatean hasiko dira lanean. Zizurkilgo festen preludio, I. Melokotoi Txapelketa jokatuko da, Emakumeen Errugbi Egunean. Goizeko 10:00etan, entrenamendu libreak egingo dira, eta 12:00etan txapelketarekin hasiko dira Hernani, La Unica, Ordizia, Bilboko U.B.R. eta Bera Bera. Ondoren, bazkaria eta festa izango dira.