Puntu dantzari begirik kendu gabe dabiltza aurten, Buruz Buruko Kutxabank Txapelketan lehian ari diren erremontistak. Dena dago zalantzan oraindik, eta inork ez dio aurkariari ezer oparitu nahi. Beraz, gaurko partidua ere, 16:00etan hasita Galarretan jokatuko direnetan bigarrena, emozioz betea izatea espero da.
Batetik, Barrenetxea IV, finalerdietara sailkatzea lortzeko ariko da borrokan. Izan ere, Urriza eta Utergak, hurrenez hurren 10 eta 8 punturekin, ziurtatuta dute postu hori. Barrenetxea IV eta Endikaren artean dago zalantza, eta hernaniarrak beharrezkoa dauka gaur irabazi eta 4 puntu gehiagorekin, 7 puntutara iristea. Izan ere, Endikak 5 dauzka, eta Barrenetxeak 27 eta 29 tantoren artean eginda galduko balu, 5 punturekin, Endikarekin berdinduko luke. Baina bien arteko lehian azken hau izan zenez garaile, hernaniarra kanpoan geratuko litzateke.
Utergak, bestalde, finalerdietan sartzea ziurtatuta badu ere, Urriza gainditu eta finalista izateko, 27 tanto baino gehiago egin beharko ditu.
Gainontzean, beste 3 partidu jokatuko dira: Beñat-Zaldua/Goikoetxea V-Arruarte; Ezkurra II-Azpiroz/Juanenea-Ion; eta Etxarri-Larrañaga/Aldabe-Zubiri.