«Gizarteari kolorea falta zaiolako, koloreztatu egiten ditut nire margolanak»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 15a, 02:00

Urnietarra da berez Fernan­do Santibañez, baina Herna­nin bizi da duela urte asko; bere jaioterrian jarri zuen aurre­neko erakusketa, gazte zela: «hori izan zen paisaiak beste­rik ez nituenean margo­tzen». 

Orain, ordea, asko aldatu da bai bera, eta baita bere lanak ere, eta Hernanin jarri ditu lanak aurreneko aldiz: «asko etor­tzen naiz Biterira, gustatzen zai­da­­lako ikustea kaleko jen­de­ak egiten duena. Eta halako ba­tean gogoa piztu zitzaidan, ni­re lanak elkartu eta jendeak ikustekoa, ea zer-nolako ha­rre­ra duten».

Hilaren 24ra arte egongo dira ikusgai Satibañezen mar­golan eta eskulturak. Arratsal­dero izango da Biteriko areto nagusian, 17:00etatik 20:00e­ta­ra bitarte.

Ehundik gora lan
Erakusketa osatzeko ehundik gora lan elkartu ditu, guztiak azken 2-3 urteetan egindako­ak. Bere lanen artean «aniz­tasun haundia» dagoela onar­tzen du, eta hain zuzen, estilo­ ezberdinak ikusteko aukera izan­go da bertan.

«Amestea gustoko dut, eta horri jarraitzen diot, unean-unean nahi dudan horri», onartzen du. Momentu jakin batean «bihotza ukitzen didan horrek eramaten dit mahai baten gainean eseri eta sor­tzera».

Esate baterako, margola­nen kasuan, orain «gizarteari kolorea falta zaiola uste dut, eta horregatik, kolo­reztatu egiten ditut nire mar­golanak».

Baina ez hori bakarrik: «ez naiz fededuna, baina elizak as­ko gustatzen zaizkit, eta beti bisitatzen ditut, eta kutsu hori nahi gabe nire lanetan trans­mititzen dut». Baina berak uste du horiek aldatu daitez­keela, eta noski, bere lanetan era­gina izan dezakeela. 

Arte kontzeptuala
Eskulturei dagokienez, arte kontzeptuala deritzon mugi­men­duaren barruan daude: «eskultura bakoitzak azalpen bat dauka». Eta horiek azal­tzeko prest izango da San­tiba­ñez bera, hilaren 24ra arte.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!