2009an hasitako berurbanizazio lanei jarraipena eman dio aurten Udalak; otsailean hasi ziren II.faseko aurreneko lanak, eta orain bukatu dituzte. I. fasean auzoaren eskubiko aldea berritu zuten bitartean, II. faseak ezkerreko aldea hartzen du.
Obra osoaren helburua da «udal zerbitzuetako sareak, hau da, ur hornidura, saneamendua eta argiteria sareak -kaleko argiztapena barne-, berritzea. Era berean, Udalarenak diren espaloiak zabaldu eta berritu dira obra honetan», jakinarazi du Udalak.
Azpiegiturak berrituta, eta irisgarritasuna, hobetuta
Bukatu berri den obrak «5-7 bitarteko blokeen eremua, auzoaren goiko eremua (1-3 bitarteko blokeak) eta auzoko errepidearen ezkerreko espaloia eta hegoaldeko oinezkoen eremua» hartu ditu. Eremu horietan, «ur, saneamendu eta argiteria berritzeaz gain, irisgarritasuna ere hobetu da», azaldu du Udalak.
Irisgarritasunari dagokionez, «espaloiak berritzen ari zirela kontuan hartuta, saltoki eta atarietako sarrerak -orain arte maila desberdinak zituztenak- berdindu dira irisgarritasuna hobetzeko asmoz».
Horietaz gain, Laiztiagatik Etxeberrira dijoan oinezko bidea «luzatu» da; «eta orain, Etxeberriko bizilagunek belardiaren erdian egin den bidexkatik pasatu ahal izango dira», adierazi dute Udaletik.
Bigarren azpifasea prestatzen ari da Udala, laster exekuzioa ahalbidetzeko.
732.000 euroko inbertsioa
Lan horietan, 732.000 euroko inbertsioa egin du Udalak, obraren zuzendaritzan, exekuzioan eta AMR lantegiaren egokitzapenean, hain justu.
Azkeneko hau «Foru Aldundiaren lurzorua da eta Udalak baimena eskatu zion obrek iraun bitartean lur horiek bizilagunen aparkaleku bezala erabiltzeko. Hala ere, Udalak egokitzapenak egin behar izan zituen ibilgailuak aparkatu ahal izateko», onartu dute.
«Pauso garrantzitsua»
Hortaz, egindako lanekin «beste pauso garrantzitsu bat eman» dutela dio Udalak. «Entitate haundiko obra denez, bigarren fasea bitan banatu da», eta hain zuzen, aurreneko azpifasea da orain bukatu berri dena.
Bigarren azpifaseari ekiteko lanak, aldiz, orain ari da prestatzen Udala. Horiek bukatuta, exekuzioa ahalbidetu ahal izango du.
Bigarren azpifasea, hastear
Aurreneko azpifasea bukatuta, Udalak jakinarazi du bigarren zatiari ekiteko prozedura prestatzen ari dela, exekuzioa ahalbidetzeko.
Arrapala, nabarmentzekoa
Aurrerago egingo duten bigarren azpifasean, urbanizazioa osatzeko gelditzen diren lanak egingo dituzte. Horiek dira, Udalak jakinarazi bezala, «1-3 blokeen beheko eremua, eta 7. blokearen arrapala, espaloia eta eskailerak».
Arrapala da, hain zuzen, Udalak nabarmendu duena, «auzokideen aspaldiko eskaera baita, eta auzoaren irisgarritasuna nabarmendu hobetuko du».
Asfaltatze lanak ere egingo dituztela adierazi dute, «baina hauek Zerbitzuetako Sailak urtero aurreikusten dituen asfaltatze-lanen barruan egingo dira».