Lainotuta egon da, baina etenaldia egin du aurreneko bi egunetan eguraldiak. Hala, gozatzeko aukera ederrak izan dituzte Portu auzoko bizilagunek, baita auzoko festetara bertaratu diren hernaniarrek ere.
Urtero bezala, altua izan da auzora gerturatu den herritar kopurua; horren islada, bereziki, herriko asto karrera ezagunena. Batzuei kostata, beste batzuk azkarxeago, baina denek lortu dute ibilbidea osatzea.
Ez ziren, ordea, atzoko protagonista bakarrak izan; haurrek ere makina bat jolas eta jarduera izan zituzten, festetaz gozatzeko. Goizean, jolas tradizionalenek izan zuten txokoa; bizikleta hartu eta oparidun zintak hartzeko aukera izan zuten eguerdian, eta arratsaldean, Patxin eta Potxinen emanaldiarekin barre algaraz bete zuten plaza!
Gauez, Laiotzen euskal kantekin, dantzari eten ezinik aritu ziren Portuko nahiz herriko parrandazaleenak! Laiotz izango da gaur ere festari agur esateko.
Solidarioa ere, aurtengoa
Euskal kulturaren elementu bereizgarrienek izango dute pisu gehiena gaurkoan.
Goizeko 11:00etan hasiko dira pelota partiduak; ondoren, Bertso Eskolakoen saioak alaituko du eguerdia, eta horrekin batera hasiko da sagardo probaketa. Aurtengoan ere solidarioa izango da, Juneren Hegoak elkartearentzat jasoko baita dirua. Arratsaldean, aldiz, herri kirol desafioa egingo dute, bi taldeen artean.
GAURKO EGITARAUA
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
09:30, Diana, txistulariekin.
11:00, Pelota partiduak, Barrene Palak-ek babestua.
12:00, Meza, auzoko hildakoen alde.
12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30, Sagardo dastaketa solidarioa, Itxaso, Maialen eta Uxue trikitilariek alaitua. Bildutako dirua Juneren Hegoak (gaixo dauden umeak eta haien familiak laguntzeko elkartea) elkartearentzako izango da. Sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.
13:00, XLIV. Toka eta Bote txapelketa (izena emateko epea 12:50ean bukatuko da).
14:30, Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.
18:00, Herri Kirolak, Akelenea jatetxeak babestua. Bi talderen arteko desafioa: A taldean, Iker Bizente aizkoran, Jokin Eizmendi harrijasotzen, Ibai Alba korrika eta Hernaniko Arraun Elkarteko gazte bat ergometroan; eta B taldean, Ruben Saralegi aizkoran, Haimar Irigoien harrijasotzen, Sergio Roman korrika, eta Hernaniko Arraun Elkarteko gazte bat ergometroan.
Jarraian, Dantzaldia, Laiotz taldearekin.
24:00, Jaien amaiera, Laiotz musika taldearekin, zezen suzkoak eta azken trakak lagunduta.
*Jai Batzordeak eskerrik beroenak eman nahi dizkio ‘Hugo eta Eusebio’ tiro eta barraketako familia guztiari.