Errepikatzaileak batzuk; berriak, beste batzuk. Baina elkar dezente ondo ezagutzen dutenak, gehienak. Eta irabazteko gogoarekin, denak. Herri kirol desafioan ariko dira bihar, 18:30etatik aurrera, bi taldetan, zortzi kirolari.
Harrijasotzen, Urtzi Telleria ariko da A taldean, eta Haimar Irigoien, B taldean; desafioan berria bata, eta iazko galtzaileen taldea atzean utzi nahi duena, bestea. Aizkoran, berriz, elkarrekin Urrezko Binakako Txapelketako txapeldunak izan diren lehengusuak: A taldean Iker Bizente, eta B taldean, Ruben Saralegi. Bizentek galdu egin zuen iaz; Saralegi, frexko dator.
Korrika, Ibai Alba eta Portukoa bertakoa den Andoni Olazagirre ariko dira. Albak Sergio Romanen kontra errebantxa nahi zuen, baina haren partez ariko da, asto karreretan ezagunagoa den auzotarra.
Arraunlariek ergometroan egiten duten horretan egongo ote da giltza?
A taldea
Iker Bizente,aizkolaria
Lehengo urtean Albaren talde berean aritu zen Bizente; galtzaileenean, beraz. Aurten ez dago prest, emaitza bera errepikatzeko. Are gutxiago, lehengusuaren kontra!
Urtzi Telleria, harrijasotzailea
Azkenean, Telleria ariko da aurten, Eizmendiren partez. Ereñotzun iaz aritu zen Irigoienen kontra, eta ondo ezagutzen dute elkar, biek. Nor etorriko ote da, ondoen prestatuta?
Ibai Alba,korrikalaria
Azken itzulian irabazi zion lehengo urtean Romanek Albari. Aurten, beraz, irabazteko dena ematera aterako da hernaniarra. Berria, baina ezaguna du aurtengo aurkaria ere.
Arraunlari bana taldeko,ergometroarekin
Lehengo urtean Xabat Pastor eta Mikel Rosellekin osatu zituzten taldeak. Ergometroarekin aritu ziren arraunlariak, lehian. Aurten ere izango da bana, talde bakoitzean, baina azken momentura arte gordeko dute sorpresa, antolatzaileek. Proba bera nolakoa izango den ere ez dute aurreratu, badaezpada, bi eguneko parrandaren ondoren moldaketak egin beharko dituztelakoan edo...
B taldea
Ruben Saralegi,aizkolaria
Urrezko Binakako Txapelketan sasoiko dagoela erakutsi du, norekin eta, hain zuzen, Bizente lehengusuarekin batera. Elkarrekin bai; baina, nola moldatuko ote dira, elkarren kontra?
Haimar Irigoien, harrijasotzailea
Erreleboa lehenago pasa bazuen ere, lehengo urtean galtzaileen taldean egon zen Haimar Irigoien. Aurten, aurkari berria, baina ezaguna izango du, eta ez dio tarterik utziko, seguru!
Andoni Olazagirre,korrikalaria
Asto karreretan iaioa dela erakutsi du orain arte Olazagirre, Portuko auzotarrak. Korrika ere ibiltzen omen dela-eta, irabazteko grinari ezin eutsita ariko den Alba gaindituko ote du?