Ateak irekiko ditu berriro ere asteartean Artikutzak, San Agustin egunean. Urte osoan zehar izaten da aukera urtegia bisitatu eta inguruan oinezko buelta egiteko, baina festa egun honetan, baimenik eskatu gabe kotxean bertara gerturatzeko aukera izaten da.
Horrez gain, egun osoko egitaraua prestatzen du Donostiako Udalak.
Azoka eta festa giroa
Egitarauaren hasiera, goizeko 11:00etako mezak jartzen du, baina lehenagotik, 08:00etatik aurrera, irekita egongo da urtegia, eta jan-edanerako postuak eta azoka izango dira.
Mezaren ondoren, 11:30etan, pelota partiduak jokatuko dira frontoian. Festak arratsaldean segiko du, 17:30etan egingo den herri kirol erakustaldiarekin. Harria jasotzen ariko da Haimar Irigoien; txingekin, Xanta Sousa; eta aizkoran ariko dira Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugerza, Donato Larretxea eta Iker Bizente.
Ondoren, 19:30etatik aurrera, festa bukatzeko dantzaldia izango da.
Goizuetako lurretan barrena
Festa egunaren antolatzailea Donostiako Udala da, hain zuzen, Donostiaren jabegokoa delako Artikutza, baina Goizuetako lurretan dago.
Guztira, 3.700 hektarea inguru dauzka, eta 11 kilometro eta erdiko oinezko bidea egin daiteke urtegiari buelta emanez; gehiena, basoan zehar.
Normalean, Eskas Guardetxean hasten da ibilbidea. Kotxearekin sartu ezin denetan, hau bertan utzi, eta oinez, asfaltozko bidean behera egin behar da, 400 bat metrotan, eta gero, ezkerretara hartu, Artikutza markatzen duen tokian. Pagoen itzalpean egurrezko zubiraino iristen da, eta hau zeharkatuta, eskubira, Erroiarriko miradorera iristen da. Bideak, berriz, ezkerretik segitzen du, hesi batera iritsi arte, eta han, berriro ezkerrera egin behar da, urtegira iritsi arte.
Hesira bueltatu, eta bideari jarraituta, herrira iristen da. Frontoia pasa, eta errioaren bestaldera pasa behar da, zubi gainetik. Errepideak Ostatu Zahar baserrira egiten du, eta 100 bat metrora, errepidea utzi eta eskubira egiten duen bidea hartu behar da, Eskas seinaleari segika. Pintura horiari jarraitu, eskubitara egin, eta trenbide zaharraren bidetik, errotarri handi parea dagoen lekura iristen da. Handik errepidera atera, eskubira egin, eta hasierara iristen da.