Jokatuz elkartu eta irabazi, etxera! lelopean, gaur izango da, beste urte batez, dispertsioaren kontrako Futbol 7 Txapelketa. Goizean jokatuko dituzte partiduak Zubipen, eta Atsegindegin bazkaldu ondoren, giro ederra izango dute, musikaren laguntzarekin.
Goizean goiz, kedada
Goizeko 08:30etan jarri dute zita, Zubipen. Taldeak osatuko dituzte orduan, eta zozketa egin ondoren, 09:00etan hasiko da txapelketa.
Txapelketa bukatuta, dutxatu eta aldatzeko tartea izango dute partehartzaileek, eta eguerdiko 14:30etan hasiko dute bazkaria. Antolakuntzak jakinarazi du azkenean Atsegindegin egingo dutela, eguraldi txarra iragarri dutela-eta. Han bertan izango da Revuelta Anaiak eta Etxebesteren kantaldia, baita ere.
Eguna bukatzeko, kale buelta musikatua izango da.
Zozketa, finalaren aurretik
Nobedade bezala, Larre-gain sagardotegian otordua zozketatuko dute talde osoarentzat. Horretarako, zenbakiak banatuko dituzte goizean, eta baldintza bakarra jarri dute: taldeko zazpi kidek behintzat bertan egon behar dute.