Puri-purian dago giroa Galarretan, eta dena dago zintzilik, Buruz Buruko Kutxabank Txapelketan. Finalerdietara pasatzea ziurtatu duena, orain arte, Uterga izan da, asteartean Endikari 30 eta 26 irabazita.
Gaurkoan, Urriza eta Endika jarriko ditu aurrez aurre, finalerdietarako txartela lortzeko lehiak. Arratsaldeko 16:00etan hasita, lau partidu jokatuko dira ohi bezala Galarretako frontoian, eta Urriza eta Endikaren artekoa bigarrena izango da.
Barrenetxea IV, kinka larrian
Helburua lortzeko, Urrizak nahikoa izango du gaurkoan 24 tanto egitea; hau da, irabazi gabe ere, puntu bakarra lortuko luke horrela, eta horrek emango lioke aukera finalerdietarako sailkatzeko. Endikak, berriz, bi puntu beharko lituzke, eta beraz, 27 tanto eginda, hau da, irabazi gabe ere, nahikoa luke.
Horrela, bietako bat finalerdietan Utergaren kontra ariko litzake. Utergari dagokionez, honek asteartean Barrenetxea IV hernaniarraren aurrean 27 tanto egitea lortuko balu, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko litzake.
Hain zuzen, hernaniarra da gauzak zailen dauzkana. Zalantzarik gabe, asteartean irabazi egin beharko luke. Baina ez hori bakarrik; lehian jarraitzeko, asteartean irabazteaz gain, Urrizak edo Endikak gaurkoan helburua ez betetzea beharrezkoa izango du; hau da, hurrenez hurren, 24 eta 27 tanto ez egitea.
Bestalde, Urrizak gaur irabazi, eta Utergak asteartean 27 tanto egingo ez balitu, Urriza izango litzateke lider. Aldiz, gaur Endikak irabazi eta asteartean Utergak 24 tanto egingo ez balitu, Endika izango litzateke zuzenean finala jokatzeko sailkatuko litzatekeen erremontista.
Gaurko faboritoa, Urriza
Matematikekin horraino iritsi daiteke. Bestelakoan, berriz, Urriza jotzen dute zaleek faborito, gaurko norgehiagokari dagokionez.
Utergaren kontrako aurreneko pratidua galdu egin zuen, eta sufritu egin zuen Barrenetxea IVren aurka, baina azken jardunaldira hanka bat finalerdietan zeukala iritsi zen, eta finalerako zuzenean sailkatzeko aukerarekin.
Askok egin duten galdera da ea aurten nolatan izaten ari den lehia hain parekatua: Urrizak beherakada izan duelako, edo honen aurkariek maila igo dutelako. Zaila da jakiten, baina zalantza horiek denak uxatzen saiatuko da iruñearra, gaurkoan.
Endikarentzat zailak izango dira gaurko lanak. Utergaren aurkako borrokan, puntu bat gehiago biltzeko zorian izan zen, eta horrek aukerak haundituko zizkion sailkatzeko. Peloteoan fuerte dabil, eta ohikoa baino maila hobean ari da jokatzen. Ez du sekula horrelako maila erakutsi, eta argi uzten ari da baliabide asko dauzkala. Beraz, ez dago ezer garbi, eta edozer gerta liteke gaur, bi erremontisten artean. Dena den, bien arteko azken norgehiagokan, 2017ko Masterrean, Urriza izan zen txapeldun, 30 eta 24.
Beste hiru partidu
Buruz Burukoaz gain, beste hiru partidu jokatuko dira gaur: Goikoetxea V-Martirena /Aldabe-Garces; Uterga-Agirrezabala/Ezkurra II-Etxeberria III; eta Segurola-Zubiri/Urtasun-Zaldua.