Hernaniko neskak denboraldiko azken txanpara iritsi dira. Gaur, Colindresen, ETE Ligako azken estropada izango dute jokoan, eta hurrengo erronka, datorren ostegunean izango dute: Kontxarako sailkapen estropada.
Seigarren postuan, txukun
Ligako azken estropada erlojupekoa izango da. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Kantabriako uretan, eta bi luze egin beharko dituzte neskek, 1,5 miliako distantzian, eta ziaboga batekin. Estropada honetan Colindreseko Emakumezkoen Estropadako III. Bandera ere izango da jokoan.
Maialen ontziko arraunlariek orain arte seigarren postuari eutsi diote, eta gaurkoan, gutxienez, beste horrenbeste egiten saiatuko dira.
Ligako 12 estropadetatik bitan egin du Hernanik bosgarren, eta behin, Donostiakoan, lortu du sailkapen onena: laugarren postua. Gainontzean, Pasai San Pedron kenduta, seigarren egin du. Ordukoan zazpigarren egin zuten neskek, ziaboga istriborretik hartuta, zuzendu beharra izan zutelako.
Horrela, guztira 47 punturekin iritsiko dira gaurko estropadara, eta lanean orain arte bezain txukun jarraitzeko asmoa daukate, Kaikurekiko daukaten aldea txikitu dadin. Aurreneko postuetako ontziak, ordea, urruti dauzka Maialenek. Donostiarrak denboraldi bikaina egin du, orain arteko 11 estropadetatik 6 irabazi baititu. Gaurkoan, 12garrenean, zer moduz moldatzen den ikusi beharko da, eta lidertzari eusteko lan egin beharko du, oso gertutik jarraitzen baitio Hibaikak. Dena den, nahikoa du aurreneko bost postuetako batean sailkatzea, txapeldun izateko.
Kontxan, ostegunean
Liga gaur bukatuko badute ere, ez da hau izango denboraldiko azken lana. Izan ere, Kontxako Bandera jokatuko da irailean, aurreneko bi igandetan. Bertan arraun egin ahal izateko, ordea, sailkapen estropada gainditu behar da aurrena, eta hernaniarrek horixe izango dute, gaurkoaren ondoren, hurrengo erronka.
Ostegunean jokatuko da sailkapen estropada hori, arratsaldeko 17:30etan.
Sailkatzea lortuz gero, Hernaniren segidako hirugarren urtea litzateke hau, Kontxan. Iaz dagoeneko sailkatzea garesti bazegoen, aurte are gehiago. Baina Hernaniko neskek borrokan segitzeko prest daudela erakutsi dute denboraldi osoan zehar. Lehengo urtean ere, Kontxan bertan, bigarren igandeko estropadan erakutsi zuten momentu zailenetan ere aurrera egiteko gai direla; itsaso zakarraren aurrean, kikildu gabe, primerako estropada egin eta aurreneko igandeko marka hobetzea lortu zuten.
Aurten beste hainbeste egiteko prest dira arraunlariak, eta gogor ekiteko pronto jarrita daude, dagoeneko. Aurrena, hala ere, gaurko estropada ahalik eta txukunen egiten saiatuko dira.
ETE Liga
Sailkapen orokorra
1. Donostiarra ............. 90 puntu
2. Hibaika .................... 85 puntu
3. Deusto ..................... 82 puntu
4. Tolosaldea ............... 65 puntu
5. Kaiku ....................... 59 puntu
6. Hernani .................... 47 puntu
7. Lea Artibai ............... 33 puntu
8. Lapurdi .................... 18 puntu
9. Colindres ................. 16 puntu