Sariak eskuratzen jarraitzen du Iñigo Legorburuk, baita udaran ere. Azkenekoak, narrazioan lortu ditu: Lanbro beltza eta Ermua Hiria sariak izan dira.
Euskerazko alorrean, Plentzian
Ekainaren bukaeran jakinarazi zituzten Plentziako Lanbro beltza txapelketako irabazleak; hain zuzen, Iñigo Legorburu euskerazko alorrean gailendu da Logikoki eta emeki lanarekin. 300 euroko saria jaso zuen Legorburuk, eta gainera, bere istorioa Calibre 38 aldizkariaren webgunean irakurri dute.
Lehiaketa honek genero beltza lantzen du, hortaz, bertako lanek hilketa, misterioa, intrigarekin... zerikusia daukate. Legorbururen lanaren kasuan, berak azaldu bezala, «haurdunaldi baten osteko bizimodura ohitzea kostatzen ari zaion bikote bat da protagonista, eta tartean hilketa bat gertatzen da». Gainera, generoaren kontuak pisua dauka lanaren bilakaeran.
Ermuan ere, saridun
Ermua Hiria literatura lehiaketako XXIV. edizioan ere saridun izan da Iñigo Legorburu Hernanin bizi den errenteriarra. Hain justu, euskerazko narrazio atalean irabazi du, Lucia ipuinarekin. Nahiko ezaguna dauka lehiaketa Legorburuk, izan ere, iaz atal berdinean nagusitu zen eta duela hiru urte, aldiz, poesia atalean.
Lehiaketaren helburua izan da «1965. urtea baino lehen Ermuan gertatutako gertakari edo pertsonaiekin zerikusia zuen ipuin bat saritzea». Hori kontuan hartuta sortu zuen Legorburuk ipuina; bertan kontatzen ditu Lucia Areitioaurtena Isasi-Isasmendi raketistaren gorabeherak.
Kasu honetan, epaimahaiak nabarmendu du zer ondo dagoen txertatuta istorioan zehar generoaren gaia.
Denetarik, 110 lan aurkeztu ziren, eta sarituetako bat da Legorbururena. 400 euroko saria irabazi du, eta lana irakurgai jarri dute Ermuako liburutegiko web-orrian. yy