Atleticorekin elkarlana, gutxienez, datozen bi denboraldietarako

Kronika - Erredakzioa 2018ko abu. 20a, 10:32

Lehengo urtean elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten Hernani Errugbi Elkarteak eta Altetico San Sebastian klubak, elkarlanean taldeak sortu, eta horrela, jokalari guztiei maila guztietan aritzeko aukera emateko.

Orain, pauso bat gehiago eman dute bi elkarteek, eta notarioaren aurrean akordioa sinatu dute. Horrela, aurrerantzean Hernani klub babeslea izango da, eta Atletico, klub filiala.

Seniorren hiru talde, eta jokalariak prest
Hernani klub babeslea da, gu­txienez, estatu mailako lehian ari den seniorren talde bat daukana, eta Atleticorekiko lotura adierazten duen akordioa sinatu du.

Atleticok maila bajuagoan jokatzen duten taldeak dauzka. Horrela, Hernanik gorengo mailako talde senior bat izango du, eta Atleticok bi talde senior. Hiru taldeen artean 100 fitxa inguru izango dituzte. Donostiakoek ziurtatu dute elkarteko maila bajuagoko jokalariek jokatu ahal izateko taldeak izatea, eta era berean, Hernanik aukeran izango ditu jokalariak, lesio edo bestelako ezustekoren baten eraginez, behar dituenean.

Hitzarmena bi denboralditarako da, gutxienez, eta denboraldika berritu ahal izango da.

Aurredenboraldia, hastear
Bestalde, jokalariak lanean hastear dira. Ohorezko Mai­lako taldea hilaren aurrenean hasi zen aurredenboraldiarekin, eta gainontzeko taldeak berehala hasiko dira.

Gaur bertan, seniorretako gizonen bigarren taldea, se­niorretako ema­kumezkoena, kadeteak eta infantil federatuak hasiko dira. 

Infantil eskolarra, berriz, hilaren 31n, eta alebin eta benjaminak, irailaren 7an hasiko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!