Etxafuego, buruhandi eta txistulariekin hasiko dira Portu auzoko San Joan Txiki jaiak, ostiral eguerdiko 12:00etan. Dena den, lehenago, 10:00etan, marrazki eta pintura lehiaketa hasiko da, eta 11:00etatik 13:30etara puzgarri, ohe elastikoak eta abar izango dira. Festak igandera arte luzatuko dira, eta ez dute hutsik egingo urteroko asto karrerak, haur jolasek, sagardo dastaketa solidarioak edota herri kirolek.
Txapete gogoan
Bestalde, ostiralean 11:30etan lore eskaintza egingo zaio lehengo urtean hil zen Mikel Valdivia Vida, Txapete auzotarrari, eta arratsaldeko 18:00etako lorontzi lehiaketa ere, haren omenez egingo da.
Gainontzean, haur jolasak izango dira 17:00etan, eta sardin-jatea 20:30etan. Necocheako (Argentina) Andoni magoaren Magia en Zapatillas ikuskizuna, berriz, gaueko 23:00etan izango da, eta ondoren, musika jartzen, Nafarroako Puro Relajo musika taldea ariko da, doinu mexikarrekin.