Aurreko urteko Zinemaldian estreinatu zenetik, pozteko moduko berriak besterik ez dizkie ematen Handiak bere zuzendari Jon Garaño astigartarrari eta Jon Arregiri.
Azkena, aurreko astean ezagutu zena; Oscar amerikarretan Espainia ordezkatu dezakeen hiru pelikuletako bat da euskalduna. Beste biak dira, Javier Freserren Campeones eta Asghar Farhadi zuzendariaren Todos lo saben. Horietako bat izango da, Espainiak ingeles besteko filmen atalean aurkeztuko duena.
Eta horietatik aukeratua zein izan den laster jakingo da, irailaren 6an jakinaraziko baitute ofizialki.
Honerainoko bidea, ordea, luzea izan da; aurreneko aukeraketa bat pasa behar izan du Handiak. 2017ko urriaren 1etik aurtengo irailaren 30era estreinatu diren edo estreinatuko diren 43 pelikula aurkeztu dituzte, eta horietatik, azkeneko hiruak izan dira finalistak.
Europan ere, indartsu
Beste izendapen baten berri ere eman zuten atzo pelikularen ekoizleek; beste 48 pelikulekin batera, European Film Awardseko sari nagusia lortzeko lehian izango da. Azaroaren 10ean jakinaraziko dituzte finalisten izenak.
European Film Academyk antolatzen dituen sariak dira, Europako zine munduan ezagunenetakoak dira.