Podiuma zipriztintzen, Maialen ontziko arraunlariak

Kronika - Erredakzioa 2018ko abuztuaren 18a

Lan ikaragarria egin berri dute neskek, Urumeako uretan. Emakumezkoen Aste Nagusiko II. Bandera jokatu berri dute, Donostian, Mundaiz zubiaren paretik aterata, eta laugarren egin dute.

Estropada 11:00etan hasi da, baina aurretik, minutu bateko isilunea gorde dute arraunlari eta zaletuek, bart hil den Ondarroako arraunlari baten omenez.

Erlojupeko proban hasi dira gero, bederatzi ontziak. Joan-etorrian, bi ziaboga egin behar izan dituzte neskek. Azkarrenak, etxekoak izan dira. Donostiarra bikain aritu da, eta 10:28ko denborarekin, bandera etxean geratzea lortu du. Atzetik sailkatu dira, podiuma eginez, Hibaika (10:37) eta Deusto (10:43). Hernanik ia-ia lortu du aurreneko hiru postuetarako bideratutako sarietako bat. Izan ere, laugarren egin du, hirugarrenetik segudundu bakarrera; 10:44. Gero sailkatu dira Kaiku (10:45), Tolosaldea (10:52), Colindres (11:07), Lea Artibai (11:12) eta Lapurdi (11:33).

Gaurkoa, ETE Ligako 10garren estropada izan da, eta bihar, Deuston izango dute hurrengoa, goizeko 11:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!