Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginda, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, kasu honetan, «emakumearen eginkizuna ikusarazteko». Horietako bi, Astigarragan. Batetik, hilaren 28an Emakumea Sagardogintzan bisita gidatua egingo da Petritegin, 10:30etan, Otaño-Goikoetxe familiako bost belaunalditako emakumeen lana ezagutzera emateko. Izenemate epea irekita dago 943 457 188 telefonoan edo reservas@petritegi.com helbidean. Bestetik, azaroaren 5etik 25era Sagardoa eta Emakumea erakusketa jarriko da Sagardoetxean. Bestalde, Sagardoetxean urriko asteburuetan oraindik ere sagarrak bildu eta muztioa egiteko tailerretan hartu daiteke parte, 4 eurotan. Erreserbak: 943 55 05 75/info@sagardoarenlurraldea.es.