Udara zapore onarekin agurtzen laguntzeko, atzo hasi ziren Urumea bailarako festa zaratatsuenak. Hala adierazten zuen, behinik behin, etxeferoen etengabeko zaratak; hasiak zirela, Portu auzoko San Joan Txiki jaiak. Eta udarako zapore on hori borobiltzeko, sardin-jate herrikoia egin zen iluntzean.
Etxeferoak botatzen hasi aurretik, iaz hil zen auzotarra, Mikel Valdivia Vida, Txapete omendu zuten, eta arratsaldeko ohiko lorontzi lehiaketa, haren izenpean egin zen, lehengo urtean bezala.
Lorontzirik ederrena, Ixiar Urretabizkaiarena
Hain zuzen, urtero auzotar askoren jakin-mina pizten duen lorontzi lehiaketan pieza eder askoak ikusi ahal izan ziren, eta ez zen erraza izan, politena zein zen aukeratzea.
Azkenean, Ixiar Urretabizkaiaren lorontzia izan zen irabazlea, eta bigarren eta hirugarren izan ziren Feli eta Carmen Irazustabarrena. Guztira, 11 parte-hartzaile izan ziren.
Asto karrera eta jolasak, eta Laiotzekin dantzaldia
Bart gauak magia berezia ere izan zuen. Izan ere, bi nobedade izan ziren, eta horietako bat izan zen Andoni mago argentinarraren ikuskizuna. Urarekin bustitzen ez den egunkariarekin egindako aterki edo jantziak eskertuko zituen batek baino gehiagok, gauean! Euriak, hala ere, ez zuen zapuztu inoren festa gogoa, eta Puro Relajo talde nafarraren doinu mexikarrekin egin zuten dantza bertan bildutakoek.
Gaurkoan, urteroko zitari hutsik egin gabe, Laiotz taldeak jarriko du musika; Patxin eta Potxin pailazoen arratsaldeko 19:00etako ikuskizunaren ondoren hasiko dira, eta afalondorenean, gauerdi partean segiko dute gero, gorputzek eusten dioten arte.
Lehenago, hala ere, izango da nahikoa zalaparta: umeentzako jolasak izango dira 11:30etan, eta urteroko zinta karrera ere bai, bizikleta gainean, 13:00ean. Arratsaldean tailerrak ere izango dituzte, eta helduagoek, asto gainean egingo dute karrera, 18:00etan, 67garren urtea beteko duen lasterketan.
Zapore onarekin hasi eta bukatu
Azken festa eguna biharkoa izango da, eta hasi bezala, zapore onarekin bukatuko dira jaiak, txistulari, bertsolari eta pelotariekin, sagardo dastaketa solidarioarekin edota herri kirolekin. Laiotzek eta zezensuzkoak borobilduko dute asteburua.
PORTUKO JAIAK - SAN JOAN TXIKI
GAUR, ABUZTUAK 25
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
11:30, Haur Jolasak: zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, ura eta irinaren jolasa....
13:00, Zinta lasterketa, opari ederrekin.
Ondoren, Tiro karanina txapelketa.
16:00, Umeentzako Tailerrak.
18:00, LXVII. Asto Karrera, Zintzarri tabernak babestua.
19:00, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.
Jarraian, Umeentzako dantzaldia Laiotz taldearen musikarekin.
Ondoren, afaltzera, gauerako indarrak hartzeko.
24:00, Dantzaldia, Laiotz taldearekin.
BIHAR, ABUZTUAK 26
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
09:30, Diana, txistulariekin.
11:00, Pelota partiduak, Barrene Palak-ek babestua.
12:00, Meza, auzoko hildakoen alde.
12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30, Sagardo dastaketa solidarioa, Itxaso, Maialen eta Uxue trikitilariek alaitua. Bildutako dirua Juneren Hegoak (gaixo dauden umeak eta haien familiak laguntzeko elkartea) elkartearentzako izango da. Sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.
13:00, XLIV. Toka eta Bote txapelketa (izena emateko epea 12:50ean bukatuko da).
14:30, Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.
18:00, Herri Kirolak, Akelenea jatetxeak babestua. Bi talderen arteko desafioa: A taldean, Iker Bizente aizkoran, Jokin Eizemndi harrijasotzen, Ibai Alba korrika eta Hernaniko Arraun Elkarteko gazte bat ergometroan; eta B taldean, Ruben Saralegi aizkoran, Haimar Irigoien harrijasotzen, Sergio Roman korrika, eta Hernaniko Arraun Elkarteko gazte bat ergometroan.
Jarraian, Dantzaldia, Laiotz taldearekin.
24:00, Jaien amaiera, Laiotz musika taldearekin, zezen suzkoak eta azken trakak lagunduta.
*Jai Batzordeak eskerrik beroenak eman nahi dizkio ‘Hugo eta Eusebio’ tiro eta barraketako familia guztiari.