Herriko festak pasata ere, aukerarik ez da falta Astigarragan eta Aranon, jai giroan murgiltzeko. San Roke eguneko programak prest dauzkate, hilaren 16rako.
Dantzak eta bazkaria, Santiomendiko ermitan
Astigarragan, Santiomendiko ermitan egiten da festa. Meza izango da, 11:00etan, eta ondoren, 12:00etan, emanaldia egingo dute Astigar taldeko dantzariek.
Bazkari herrikoia egingo da segidan, 14:00etan, eta txartelak salgai daude Ikatza tabernan. Arratsaldean Alaiki taldeak jarriko du musika, dantzaldirako.
Antonio Ezeiza Urruzmendiri omenaldia, Aranon
San Roke izena daraman ermita, ordea, Aranon dago, eta baita festa ere.
Urtero bezala, hainbat txokotako txistulariak bilduko dira plazan, 10:15etan, San Martin elizako kanpaiak joka hasita, San Roke ermitako mezara abiatuko dira; 11:00etan hasiko da elizkizuna.
Eguerdiko 12:00etan, berriz, pelotan ariko dira gazteak, eta 14:30etan hasiko da herri bazkaria Kontsejun. Bertan, omenaldia egingo zaio 50 urte kanpaiak jotzen daramazkien Antonio Ezeiza Urruzmendiri. Bazkaritarako bihar arte eman daiteke izena: 948 514 279.