Maialen Lujanbio, mahats festak sorginduta

Kronika - Erredakzioa 2018ko abu. 17a, 02:00

Arabako Errioxako ardoak Maialen Lujanbio izango du pregoilari, aurten.

Kuadrillako herrietan txan­daka egiten den festa da Ara­bako Errioxako Mahats Bilketa Festa, eta aurtengoan, Bilar he­­rrian egingo da, irailaren 16an. Arabako Errioxako kua­drillako biztanleek sortu zuten ospaki­zuna, bertako produktu ku­ttu­nena, ardoa, goraipa­tze­ko, eta mende laur­den beteko duen honetan izango da pre­goilari, bertsolari hernani­a­rra.

Bertso eta ardoaren sorgin
Gonbidapenaren berri jaki­te­an, Bilarren izan zen Maialen Lu­­­janbio, ingurua eta biz­tan­leak ezagutu eta festan izan­go dela baieztatzeko. Pozik azal­du zen, «nerekin gogoratu di­relako», eta baita ere, «ho­rrela, Arabako Errioxan eus­ke­raren alde lan egiten dutenei babesa» emateko aukera due­lako.

Gerardo Olano alkateak, era berean, azpimarratu zuen Lujanbiok «ehuneko ehune­an» betetzen duela helburua; «emakumea genuen buruan, eta gainera, Maialen, euskal kulturan erreferente da». Horrela, Lujanbiok Karra Ele­jalde aktore gasteiz­tarraren testigua hartuko du, bera izan baitzen pregoilari lehengo urtean, Ekoran.

«Pozten nau Arabako Errioxan euskeraren alde lan egiten dutenei babesa erakutsi ahal izateak»

Bisita horretan, besteak bes­te, Sorginen Txabola edo La Hechicera deitzen zaion tri­kuharriaren aurrean egin zio­ten argazkia bertsolariari; he­rriko eta eskualdeko ikurra bai­ta. Hain zuzen, trikuha­rriak ardoari ikutu berezia ema­ten dion moduan sor­gindu zituen Lujanbiok in­guruko biztanleak, eta ‘ber­tsoen sorgin’ ere izendatu zuten. Orain, bertsolaria ar­do­arekin ‘sorgintzea’ daukate hel­buru. Bisita egunarekin bu­katzeko, bazkari baten bueltan bildu ziren hainbat lagun, eta Maialen Lujanbiok bertso ba­tekin eman zizkien eskerrak, denei.

Egun osoko egitaraua
Festa eguna irailaren 16rako jarri dute, eta egun osoko egitaraua ere prest daukate.

Pregoiaren aurretik, 11:00e­tan, Ardoaren Dantza egin­go dute Arabako Errioxako dan­tza taldeek. Horren on­doren, 11:30e­tan egingo da eki­taldi ofiziala, eta bertan ariko da pregoilari lanetan, Maialen Lujanbio. Bertan zapalduko da mahatsa, eta aurreneko muz­tioa dastatu ahal izango da. Arabako Errioxako ardoak das­tatzeko aukera ere izango da segidan; 7 euroren truke, kris­talezko kopa jaso  eta bost ardo probatzeko aukera izango da.

Dastaketarako gida nahi duenak, berriz, 12:30etan izan­go du tartea. Ordu berean, bestalde, Aizkolarien Mahats-biltze Txa­­pelketa egingo da, eta goiza borobiltzeko, herri baz­karia izango da 14:30etan. Arratsaldean, pelota partiduak izango dira.

Trikuharrira bisita, egun osoan zehar
Bestalde, egun osoan zehar nahi duenak ‘Sorginen Txa­bola’ trikuharria bisitatu ahal izango du. Era berean, ume­en­tza­ko jolas eta ekintzak, musika, eta artisauen eta la­bel­dun nekazaritza produk­tu­en azoka izango dira. 

ARABAKO ERRIOXAKO XXV. MAHATS BILKETA FESTA
Irailaren 16an
11:00
, Ardoaren Dantza.
11:30, Pregoia eta ekitaldi nagusia: mahatsa zapaldu eta aurreneko muztioaren dastaketa. 
12:30, Bilarreko ardoen dastaketa gidatuak.
12:30, Aizkolarien Mahats-biltze Txapelketa Handia.
14:30, Herri bazkaria.
16:30, Pelota partiduak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!