Europako Igeriketa Egokituko Txapelketa jokatzen ari da aste honetan Dublinen, eta bertan ari da lehian Iñigo Llopis hernaniarra. Dagoeneko, bi marka eder lortu ditu.
Bi domina, Llopis hernaniarrak
Aurreneko domina txapelketa hasi zen egunean bertan, pasa den astelehenean irabazi zuen Llopisek.
Estilo libreko erreleboetan, 4x100 metrotan hartu zuen parte, José A. Marí, Ariel E. Schrenck eta Sergio S. Martosekin batean. Denera, 4:00:75eko denbora egin zuten, 34 puntu bilduz. Horri esker, brontzezko dominak zintzilikatu zituzten lepotik.
Hurrengo domina, ordea, bakarka lortu du Llopisek, eta ez nolanahikoa, gainera. Asteartean, urrea irabazi zuen S8 motako 400 metro libreetan, 4:40:78ko denbora eginda.
Itzulera ikusgarria
Igandean bukatuko da Europako Igeriketa Egokituko Txapelketa, eta honekin, denboraldiaren amaiera aldera iritsiko da Llopis.
Ez da urte erraza izan hernaniarrarentzat, lesio luze batetik errekuperatu behar izan baitu. Baina indarrez bueltatu zen ekainean, Berlingo Munduko Serieetara. Bi errekor bota zituen orduan, eta uda osoan gora egiten ari da.