Amabirjin egunaren ondoren, San Roke dator, eta beraz, festa eguna izango dute biharkoa, bai Aranon eta baita Astigarragako Santiomendiko ermitan ere.
Txistua eta kanpaiak protagonista, Aranon
Bihar goizeko 10:15etan emango diote hasiera festa egunari, Aranon. Txistulariena izango da eginbehar hori, beti bezala; Zubillaga edo Ansorena anaiak oinez joaten ziren Hernanitik Aranora San Roke egunez, eta 40eko hamarkadan batu zitzaizkien Aranoko Joxe Martin Legarreta, Bittor Escudero, Felix huizi, Jexus Leonet eta Manolo Egurretxea. Aurten, 48 urte beteko dira, Antonio Intxausti Ansa Txobitok, Joxan Ruizen laguntzarekin, ohitura berreskuratu zuela.
Txistulariez gain, San Martin elizako kanpaiak ere entzungo dira, 10:30etan, eta segidan, San Roke ermitara abiatuko dira denak, 11:00etako meza entzuteko. Gero, herrira bueltatu eta 12:15etan pelota partiduak izango dira, Kontsejuko bazkariaren aurretik. Bertan egingo zaio omenaldia, hain zuzen, Antonio Ezeiza Urruzmendi kanpai-joleari. Honek 50 urteren bueltan daramazki zeregin hori betetzen. Bukatzeko, 19:00ak ingruan Agur Jaunak eta Andreak joko dute txistulariek.
Astigarragan, Santiomendiko ermitan
Aranon bakarrik ez; Astigarragan ere ospatzen da San Roke eguna, baina, kasu honetan, Santiomendiko ermitan.
Hemen ere, meza egingo da, goizeko 11:00etan, eta hura bukatuta, ermita atarian bertan ariko dira dantzan, Astigar taldeko dantzariak.
Gero, bazkari herrikoia egingo da 14:00etan. Txartelak Ikatza tabernan daude salgai.
Eguna borobiltzeko, 17:30etatik aurrera Alaiki taldearekin dantzaldia izango da.