*Argazkian: Goran: Rosa Olaizola (Goittiki haur eskolako hezitzailea), Arantxa Perurena (Coviran),
Juan Mutuberria (Mutu taberna), Pili Untxalo (Untxalo liburudenda) eta Jabier Apezetxea (Belako autobusak eta tailerra).
Behean: Uxue Mutuberria (Mutu taberna), Amaia Uitzi (Amaia kafetegia) eta Maria Apezetxea (Oxeguarda jatetxea).
Lanean izan ohi dira herriko merkatari, tabernari... eta oro har, Goizuetan zerbitzu pribatu bat eskaintzen dutenak txupinazo egunean. Baina aurten, salbuespena eginen dute, eta saiatuko dira sektorea ordezkatzen.
Izan ere, haiek izanen dira txupinazoa botatzeko ardura izanen dutenak: «Azkeneko urteetan, herrian bertan aditzen den komentarioa da zenbat zerbitzu ari diren ixten. Herri batek bizia mantentzeko-edo, garrantzia haundia du zerbitzuak egoteak, herrian bertan. Ikusi dugu momentu hori inportantea izan zitekeela zuei indar hori emateko eta bertan kontsumitzearen aldeko deialdi bat egin litekeela», hala azaldu zien erabakia Itsaso Lujanbio zinegotziak Udalaren izenean.
«Lehendabizi pentsatu genuen ezin genuela joan»
Guztiak elkartzeko aukera ez bazuten ere, aurreko asteartean bildu zen ordezkaritza zabala «pozik» agertu zen erabakiarekin. «Lehendabizi pentsatu genuen ezin genuela, beti lana egitera ohituta gaudelako. Beste batetik, gurekin oroitzera ez da gutxi; bultzatu baten beharrean gaude!», azaldu zuen Coviran supermerkatuko Arantxa Perurenak. Berak onartu zuen txupinazoa ez duela «azkeneko 30 urtetan ikusi»; hain juxtu iaz joatekoa zen «baina bi amona sartu ziren». Hala ere, beste aldea ere ikusten du: «amona horiei esker bizi gara».
Amaia kafetegiko Amaia Uitzik, aldiz, ez du inoiz hutsik egin.
«Zergatik orain?»
Poza bai, baina zer pentsatua ere eman die batzuei errekonozimendu honek: «pentsatzen duzu: zergatik orain? ikusita azkeneko bi-hiru urteetan izan duen bilakaera herriak, bada inflexio-puntu bat behar duena. Bazter guztietatik behar duguna da bultzatzea, eta garrantzia ematea bertan kontsumitzeari», hausnartu zuen Estankoko Unai Mirandak.
«Ni jubilatzean gustatuko litzaidake Goizuetako denda batean erostea», egin zion segida Perurenak, «eta ez dakit aukera hori izanen dudan».
Horren aurrean, Maria Apezetxeak, Oxeguarda jatetxekoak, argi dauka: «horretarako, gazteak geratu behar dira Goizuetan».
Eta hain zuzen, hori aldarrikatzeko aterako dira asteartean udaletxeko balkoira.
Ximon Apezetxea harakina, ordezkari
Haiek ordezkatzeko Ximon Apezetxea harakinak botako du itxaferoa. Erabakia hartzeko garaian bera bertan ez bazen ere, aho batez hartutako erabakia izan zen: «izugarria da herriarentzat zenbat lan egin dituen Ximonek, eta ez zaio inoiz errekonozitu», adierazi zuen Rosa Olaizolak, Goittiki haur eskolako hezitzaileak. Sektorea ordezkatzea izanen da, orduan, lan hori guztia eskertzeko modua.
Herritarrei ere, eskerrak
Jaien beste aldea erakusten duen sektorea da, oro har, jaietan egiten baitute askok urteko lan gehiena: «beti izaten da horrela, batzuek disfrutatzeko, besteek lana egin behar», dio Amaia Uitzik. Hala ere, onartzen dute ongi pasatzen dutela: «nahiz eta lana egiten den, musika aditzen denean barrutik ateratzen da indarra», Maria Apezetxearen ustez.
Aurreko astean, ordea, lan gehiago izaten dela onartzen dute, eta beti direla azken momentuko gertakizunen beldur: «aberia guztiak fiestetan izaten dira. Eskerrak manitasak dauzkagun inguruan!», dio Oxeguarda jatetxeko Mariak. Ados dago Amaia Uitzi: «gainera, Goizuetan gaude, eta hemen zerbaitek huts egiten badizu, bakarren bat hona ekartzea konpontzera… hor izaten dira larritasunak!».
«Bertan kontsumitzeari garrantzia eman behar diogu»
Horrelakoetan denek goraipatzen dute goizuetarren eskuzabaltasuna: «herrian jende askok laguntzen du, esku bat botatzen du edozeinek; ikusten bazaitu apuroan… Goizuetak duen gauzarik politena, elkarri laguntzeko bidea».
«Bukatzeko gogoa»
Baina Uxue Mutuberriak argi dauka: «nik bukatzeko gogoa izaten dut». Eta horrek ematen die indarra, jarraitzeko: «konturatzerako azkeneko eguna… gure txupinazoa, orduan!», onartzen du Maria Apezetxeak. Aurten bereziki, Pobre de miarekin hasiko baitira aurten, askoren oporrak.
TXUPINAZORA GONBIDATUAK
- Coviran supermerkatua
- Ximon harategia
- Oxeguarda jatetxea
- Amaia kafetegia
- Mutu taberna
- Izkiña taberna
- Zubiondo taberna
- Ixkibi kanpina
- Untxalo liburudenda
- Goittiki haur eskola
- Txamoraberri nekazalturismoa
- Belako autobusak eta tailerra
- Goizukoop gasolindegia
- Elena eta Unai estankoa
- Irati ileapaindegia
- Kiribil ileapaindegia
- La Caixa
- Farmazia