Gau luzea izan zuten herenegun Hernanin bizi diren edo hemen dabiltzan argentinarrek, hamazazpi orduz luzatu baitzen atzo abortua legeztatzeko Argentinako Senatuko eztabaida. Ekainaren erdialdean onartu zuen Kongresuak Legea, baina Senatuak berretsi beharra zeukan. Eztabaida sutsuaren ondoren, estua izan zen bozketa: 38 senatarik aurka egin zuten, 31k alde, eta azkenik, bi abstenitu egin ziren. Horren aurretik, Latsunbeberriko frontoian egin zuten Legearen aldeko argazkia Hernanin dauden argentinar batzuek; «hurrengo urtera arte itxaron beharko dugu, baina noizbait aterako da, seguru», onartu zuten atzo.