Zazpi urte beteko dira aurten 2011ko azaroaren 6an Elorrabiko Zubia ibaiak eraman zuenetik. Ordutik, berri bat eraikitzeko lanean ari dela onartu du Luis Intxauspe alkateak, eta aurten errealitate bihurtuko dela dirudi: «obrak aurten hasteko lanean ari gara».
2011tik, lanean
Intxauspe alkateak eta udal arkitekoak emandako azalpenen arabera, buelta asko eman dituen proiektua izan da Elorrabiko zubiarena: «uholdeen kalteak neurtzerakoan, ondare publikoen kalteen inbentarioan sartu genuen zubia. 150.000 euroko aurrekontua egin genuen, eta horietatik, 75.000 euro eman zizkigun Gipuzkoako Foru Aldundiak zubia egiteko, Uholdeengatik Kaltetutako herriei diru-laguntzen baitan», dio Alkateak.
Baina segituan topatu ziren aurreneko oztopoekin: «tramitazioekin hasi ginenean, URAk eta Kantauriko Ur Konfederakuntzak (Confederación Hidrográfica del Cantábrico), baimenak ematen dituzten erakundeek, esan ziguten ezinezkoa zela aurrekoa bezalako zubi kolgante bat egitea. Zubi berri batek beste altura bat, eta beste kota batzuk beharko lituzkeela; eta kolgantea ezin zuela izan, hormigoizko plataforma bat izan behar zuela».
Aldundiaren laguntza, proiektua idazteko
Hori atzera bota ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egin zuen Udalak hitzarmena, proiektua haiek idatzi zezaten: «hala, aurreneko proiektu bat egin zuten, baina nahiz eta URAken aurreneko aldeko txosten bat izan, Konfederazioak atzera bota zuen», udal arkitektoaren esanetan.
Horri gehitu behar zaio: «baimen horiek lortzeko tramitazioak oso luzeak dira; hilabeteak pasa zituzten ezezko hori emateko».
Kokapenarekin, bueltaka
Orduan, kokalekua ere berpentsatu behar izan zuten Foru Aldundiarekin batera: «ezezkoa ematen zuen txostenean, Konfederazioak zioen agian beste kokapen batzuk planteatu zitezkeela, beren ustetan hidrologiaren aldetik egokiagoak izan litezkeenak».
Hain zuzen, Intxauspek dioenez, «bizpahiru proposamen egin zituen, betiere inguru horretan, metro batzuk gorago/beherago». Gainera, udal arkitektoaren esanetan: «horietako batzuk gehiegi urruntzen ziren, eta horrek suposatzen zuen aldapa asko igotzea. Gainera, ibairako sarbideak ere mugatzen zituen».
Uholde arriskuak ere baldintzatu du proiektua. Bi arazo zeuden: zubiaren kota edo altuera, eta ibai ertzak. Bereziki, bigarrenak: «aurreneko proiektuan, lurra zegoen ibai ertzean, baina ura hazita datorrenean, oztopo bilakatu zitekeen. Zutabeak jartzea erabaki da, eta beraz, ura arazorik gabe pasa ahal izango da».
Oinarrizko proiektua, 2017 hasieran
Hori ikusita, kokaleku berean egitea erabaki zen: «aztertu zen, eta ikusi zen mugikortasunaren ikuspegitik egokiena zela».
Behin erabakia hartuta, oinarrizko proiektua idatzi zuen Foru Aldundiak 2017 hasieran: «horrekin baimenak lortu genituen, eta proiektua garatu zen. Gaur egunean mahai gainean daukagu exekuzio-proiektua. Esleitzea falta da, eta lanen programa osatzea».
Luis Intxauspe, alkatea: «guretzat mugikortasunaren ikuspuntutik garrantzitsua da zubi hau»
Egutegia animalien ugalketa zikloari ezartzen dioten babesak mugatuko du, bereziki; urteko garai batzuetan ezin delako lanik egin. Gainera, Udal Gobernuak txotx denboraldirako prest egotea nahiko luke, jende asko dabilen garaia baita.
«Erabat irisgarria»
Zubi berriari dagokionez, azkeneko proiektuak halaxe deskribatzen du: «aurreko pasabidea zegoen tokian pasabide metaliko bat egingo da. [...] Sendotasun haundiagoko egitura metalikoa izango du, erosotasun betebeharrak nabarmen hobetzen dituena geziei eta bibrazioei dagokionez». Gainera, «arku itxurako beheko kordoiarekin diseinatu da, bukaera arinagoa eman nahian».
Dimentsioak ere, desberdinak izango dira aurrekoarekin alderatuz: «barruko zabalera librea 1,50 metrotik 3,00 metrora pasa da». Hortaz, udal arkitektoak dio «gutxienez, oinezko bat eta bizikleta bat lasaitasunez elkarrekin pasatzeko modukoa» izango dela.
Bestalde, proiektuan azaltzen den moduan, «estriboen kota igo egin denez, bidezubi bat beharrezkoa izango da, bai ezkerraldeko ertzean, baita eskuinekoan ere, sarbideak gauzatzeko %6ko malda batzuen bidez». Hori da, hain zuzen, araudiak dioena, eta zubia «erabat irisgarria» egingo duena.
Mugikortasuna, helburu
Luis Intxauspe alkateak nabarmendu du oinezkoak eta bizikletak uztartzea izan dela asmoa: «guretzat mugikortasunaren ikuspegitik garrantzitsua da zubi hau; lehen, oinezkoen ibilbideen sarean zirkuitu garrantzitsu bat zelako, baina baita ere bidegorrien ibilbidean jasota zegoelako». «Sagardotegi garaian ere, Osiñagako bidea deskongestionatzeko garrantzitsua izango da», onartu du. Gainera, industrialdea lotzen duen bidegorria ere izango dela dio.
Era berean, Arraun Elkarteko kideak gogoan ditu: «bere jardueran eragina izan du, eta bada eragile bat obra honen jarraipena egin duena».