Asteartean hasiko da lehia Barrenetxearentzat

Kronika - Erredakzioa 2018ko abu. 9a, 02:00

Aurreko fasea edo prebia uztailaren 14an hasi ondo­ren, gaur jakingo da nork jokatuko duen 36. Buruz Bu­ruko Kutxabank Txapelke­tako Ligaxka aurreko urteko hiru onenekin batera: Urriza txa­pelduna, Uterga eta Barre­ne­txea IV. 

Endikak eta Ezkurra IIk jokatuko dute prebiako azke­neko lehia hori, 16:00etatik aurrera, Galarretan.

Ligaxka, larunbatetik
Txapelketaren azkeneko fasea hasiko da larunbatean, eta aitzakia horrekin, hogeita ha­maseigarren edizioaren aur­kez­pena egin zuten asteartean Gala­rretan. Bertan izan ziren Xabier Azpiroz, Javier Urriza eta Endika Barrenetxea erre­montistak.

Azkeneko biek zuzenean jokatuko dute Ligaxka larun­batetik aurrera; Azpirozi, aldiz, astearteko prebiako par­tiduan egin zion ihes txar­telak. 
Bertan izan ziren biekin batera, Uterga ere izango da Ligaxkan, baita gaurko par­tidua irabazten duena ere, Endika edo Ezkurra II.
Aurreneko partidua, larun­batekoa, Urriza eta Utergaren artekoa izango da; Barre­netxea IVk, aldiz, asteartean izango du norgehiagoka, sail­katzen denaren aurka.

Finala, irailaren 8an
Abuztuaren 28ra arte iraungo du Ligaxkak; ondoren, iraila­ren 1ean jokatuko dute fina­lerdia bigarren eta hirugarren sailkatuek. Aurreneko sailka­tua, aldiz, irailaren 8ko fina­lean sartuko da zuzenean, eta finalerdiko irabazlearekin lehi­a­tuko da.

Beste behin ere, Urriza da txapela irabazteko faboritoa; bosgarrena lortu zuen iaz, eta seigarrenaren bila aterako da.  «Zaila izango da Urrizaren gainetik pasatzea», onartu zuen Barrenetxea IVk, baina «iaz baino indartsuago» aterako dela ohartarazi zuen.

Kutxabank, beste behin, babesle
Jokalariez gain, astearteko aurkezpenean izan ziren Xa­bier Gonzalez, Oriamendi 2010eko gerentea, eta Arrate Agi­rrezabalaga, Kutxabankeko ordezkaria eta txapelketaren babeslea, beste urte batez.

Agirrezabalagak adierazi zuen «ohorea» dela Kutxa­bankentzat «azkeneko fase honen babesle izatea». Ildo horretatik, txapelketaren «ka­litatea eta giroa» goraipatu zi­tuen.

Horregatik, «eskerrak» eman zizkion Gonzalezek, eta adierazi zuen, Oriamendi 2010 enpresatik ere espero dutela «partidu politak ateratzea». Horretarako, herritarrak ani­matu zituen Galarretara berta­ratzera. 

 

EGUTEGIA
-GAUR, prebiako azkeneko partidua: Ezkurra II-Endika.

LIGAXKA
-Abuztuaren 11 eta 28a bitartean, astearte eta larunbatetan.
-Lau pelotarik jokatuko dute: Urrizak, Utergak, Barrenetxea IVk eta prebiako aurrenekoak.

FINALERDIA
-Irailaren 1ean: Ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuaren artean. Laugarrena, kanporatua izango da.

FINALA
-Irailaren 8an: Ligaxkako aurreneko sailkatua zuzenean pasako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!