Astigarragako Udalak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, azkeneko asteetan «kexa ugari» jaso ditu «edukiontzien zikintasuna dela-eta». Eta ezinegon horri erantzuna ematen saiatuko dela iragarri du.
Izan ere, diotenez, «egoera honek usain jasanezina eragiten du, bai zaborra botatzeko edukiontzia irekitzerakoan, baita herri bideetatik pasatzerakoan ere».
Horren aurrean, udal gobernuak dio «egoera ahalik eta azkarren zuzentzen» saiatuko dela.
San Marko Mankomunitateari, eskutitza
Aurreneko pausuetako bat izan da San Marko Mankomunitateari eskutitza igortzea. Bertan, «edukiontzien zikintasunaren eta usainaren» berri eman diote Mankomunitateari «egoera konpondu ahal izateko».
Horretarako, Udaletik eskatu diote Mankomunitateari «[edukiontziak] biohondakinetarako edukiontzien kontratuan xedatutako maiztasunez garbitzea».
Egoera larriagoa, udan
Azken egunetan, gainera, «egoera larritu» egin dela onartu du Udalak. Bereziki, «udako eta azken egunetako beroak» eraginda. Horregatik guztiagatik, «garbitasun eza» konpontzeari ekingo diola adierazi du.