Herrian zerbitzu pribatuak eskaintzen dituztenen esku izanen da aurten itxaferoa botatzeko erantzukizuna, eta pixkanaka sua pizten hasteko, ez dira jarduerak faltako. Ohi bezala, igandean izanen da Umeen Eguna, baina ostiral eta larunbatean ere, izanen da zeregina.
Ostiraletik, ekintzak
Hasteko, programa zaharren erakusketa jarriko dute ostiral eta larunbatean, garai bateko kontuak gogoratzeko unea izanen da. Arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara izanen da ikusgai.
Ostiralean musikarik ere ez da faltako. Gaua girotzeko, kontzertu akustikoa eskainiko baitu INUNek. Helduentzat izanen da, gaueko 22:00etan.
Haurren txanda, larunbatetik
Larunbatean hartuko diote lekukoa etxeko txikienek helduei. Larunbatean bertan Paperezko Gizon-Emakumeak ipuin kontaketa eskainiko die Maider Garin Bakerok, arratsaldeko 19:00etan hasita. Eta igandean izanen dute egun haundiena: Umeen Eguna.
Gazteen Eguneko prestaketak ere, martxan
Umeen Egunaren ondoren, fiesten aurreneko eguna izanen da Gazteena. Bazkaria eginen dute aurten ere, eta horretarako txartelak salgai daude dagoeneko Amaia Kafetegian: langileentzat 18 euroan, eta langabetuentzat 15 euroan.
Horrez gain, urtero bezala, kamixetak salduko dituzte. Horretarako bi egun zehaztu dituzte: ostiralean 18:00etatik 19:00etara, eta asteartean bertan, 10:30etatik 11:30etara.