«Gero eta gehiago gara zezenketen aurka zezenen alde egiteko prest gaudenok, eta entzun egin beharko gaituzte». Eta horretarako, hain zuzen, manifestaziorako deia egin dute Donostiako hiru eragilek: Donostia Antitaurina Orainek, Eguzkik eta Askekintza taldeek.
Aste Nagusiaren hasierarekin batera egingo dute, larunbatean bertan; arratsaldeko 18:00etan abiatuko da manifestazioa, Donostiako Bulebarretik. Erdialdeko kaleak zeharkatu ostean, Bretxan bukatuko da.
«Zezenek aske eta erasorik gabe bizi nahi dute»
Ohi bezala, Aste Nagusietan zezenketak egitea salatuko dutela adierazi zuten pasa den asteazkenean egindako prentsaurrekoan: «urtez urte, tradizioaren eta dibertsioaren izenean, hamarnaka zezen erabili eta erailtzen dira Ilunbeko zezen plazan. Praktika hauek ez ditugu gure kulturaren partetzat hartzen, injustuak direlako». Hiru eragileen esanetan, «zezenek aske eta erasorik gabe bizi nahi dute, guk bezala». Eta onartezintzat jo dute, «gizakiok, gure pribilegioez baliatuz, animaliak zapaltzea. Ezin ditugu haien oinarrizko interesak urratu, gure onura eta dibertsiorako».
Horrez gain, beren ustez «ez da egia» ekimen pribatua dela: «udal gobernu honek espresuki ematen dion sostengurik gabe, zezenketak dagoeneko iraganaren kontu izango lirateke Donostian».
Deia, norbanako eta taldeei
Horregatik guztiagatik, Donostiako eta Gipuzkoa osoko talde, jai batzorde, eragile edota norbanakoei deia egin diete larunbateko manifestazioarekin bat egin dezaten, eta «gatazka honetan botere gutxien duenaren alde egin dezazuen».