Udako oporraldian denbora gehiago izaten dela kontuan hartuta, aurten lehenago eman du jakitera Udalak, datorren urteko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketarako gaia: Harremanak eta loturak.
«Gai zabala» eta «interpretaziorako oso aberatsa» proposatu dute: «pertsonen arteko harremanak, eraikinen artekoak, naturaren eta pertsonen arteko loturak, animalien artekoa... Estetikoki ederrak edota sentimenduak pizten dituztenak... Egilearen esku dago gaiak zer iradokitzen dion irudi batean islatzea».
Gehienez, bost argazki
Gaia jakitera eman badute ere, lanak aurkezteko epea irailaren 10etik urriaren 5era artekoa da. Udaletxe sarrerako Herritarren Harrera Zentroan (HHZ) aurkeztu beharko dira, eta egile bakoitzak gehienez bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, bi gutunazaletan; batean irudiak, eta bestean harremanetarako datuak.
Egutegirako aukeratzen den argazki bakoitzeko, 40 euroko erosketa txartela oparituko da, gehienez bitan, Berriak elkarteko saltokietan erabiltzeko.