Ostegunean hasi zen hilabete osoa hartuko duen Donostiako Musika Hamabostaldia, eta Inaugurazio Kontzertuetako bitan entzun ahal izan ziren musikari hernaniarrak.
Asteazkenean, berriz, Musika Hamabostaldia izango da Hernanira etorriko dena, kontzertua izango baita, elizan.
Txistuaren errepertorio zabalean barrena
Kontzertu horietako bat eman zuen Txistu Trio hirukoteak; bertan aritu zen Haritz Ezeiza txistulari hernaniarra, txistua edota txistu bajua jotzen, erakustaldia eginez, tresna honek denboran zehar landu duen errepertorio zabalean barrena.
Taldea osatu zuten berarekin batean, Oscar Ovejero eta Peio Irigoien txistulariek; Musikeneko ikasleak azken biak, eta ikasketak amaitu berria, Ezeiza.
Juan Manuel Larrarteren kodizea
Inaugurazio Egunean beste hainbat kontzertu ere izan ziren, eta horietako bat izan zen Donosti Ereski Gregoriar Scholarena. Bertan abesten dute Paulo Agirre eta Juanjo Iturrioz hernaniarrek, eta besteak beste, Juan Manuel Larrarte Hernaniko organistaren lana ezagutzera ematea dute helburu.
Donosti Ereski Gregoriar Scholak datorren hilean kaleratuko duen diskoan argitaratuko da Juan Manuel Larrarte Hernaniko organistak egindako kodizea, 1828an.
Donosti Ereski Gregoriar Schola abesbatzak diskoa kaleratuko du datorren hilean, eta lan horren zati bat entzun ahal izan zen Donostiako kontzertuan; baita Baionan ere, pasa den larunbatean. Besteak beste, Gipuzkoako hiru Kodize edo Kantoraletatik aukeratutako lanak bildu dituzte, eta horietako bat da Juan Manuel Larrarterena. Hondarribiako elizak eskatu zuen, 1828an Hernanin organista eta letretako maisua zen Juan Manuel Larrartek egindakoa. Beste biak dira, Oñatikoa, 1614koa, eta Azkoitikoa, Donostiako San Telmon egina 1772 urtean.
Emanaldian estreinatu zuten, baita ere, Larrarteren Salve a duo, Gerardo Rifon organista eta Ane Artetxe harpistaren laguntzarekin.
Organo Zikloaren barruan emanaldia, Hernanin
Musika Hamabostaldiari hasiera emanda, hainbat kontzertu izango dira hilabete osoan zehar, eta ez Donostian bakarrik.
Horren adibide, asteazkenean Hernanin izango den emanaldia. Organo Zikloaren barruan, Loreto Fernandez Imaz organista eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa Hernaniko San Joan Bataiatzailearen parroki elizan izango dira, iluntzeko 20:00etan, eta doan emango dute kontzertua. Gipuzkoako bi musikari hauek zailtasun tekniko eta maila artistiko haundiko programa prestatu dute; besteak beste, Fauré, Franck, Durufé eta Mahler-en obrak interpretatuko dituzte.