Oiartzunen jokatu berri da pasakako eskuzko Gipuzkoako txapelketa, eta Hernanira ekarri du Unai Alvarezek, Villabonako Behar Zanako Maizekin batera, Urbietatarrak 11 eta 13 mendean hartuta.
Hasierako joko guztiek Urbietatarren alde jotzen zuten, eta 5-1, 10-5 eta 11-7 aurretik jarri ziren. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina Alvarez eta Maizek etsi gabe lanean segi eta 11na berdintzea lortu zuten. Hurrengo bi jokoak ere beraientzako izan ziren, eta 0 eta 6ko azken partziala satu eta txapela lortu zuten.
Goi mailako jokoa erakutsi zuten lau pelotariek, 105 minutu luzeko partidu eder eta estuan zehar. Joku guztiak izan ziren oso berdinak, eta horrek luzatu zuen neurketa. Baina afizioak eskertu egin zuen denen lana.
Salbatore eta Colmenarren, atariraino
Bestelako finaletaraino ere iritsi dira, oraindik oporretan ez dauden pelotari hernaniar gazteagoak, baina ezin izan dute haria eten, eta beste bi final galduta, bost dira dagoeneko sentimendu gazi-gozoa utzi dieten finalak.
Buruntzaldeako Txapelketan hiru final galdu, eta laugarrenak egin zien ihes Getariko Salbatore Txapelketan. Aiur Elizazu alebina Añorgako Arrutirekin aritu zen, eta bi partidu irabazi eta bat galduta, finalerdira iritsi ziren. Elizazuk ezin izan zuen segi, oporrak medio, eta Xuban Iturbek ordezkatu zuen. Finalerdia 16 eta 14 irabazi arren, Azkoitiaren kontra galdu zuten finala, 16 eta 11.
Markel Lizeaga, berriz, Madrilgo Colmenar Txapelketan aritu da Usurbilgo Xabier Santxorekin, eta finalerdian Egiguren eta Peñas 22 eta 11koarekin gainditu arren, E.Labaka eta Telletxea gipuzkoarren kontra galdu zuen finala, 22 eta 16.