Atzoko Umeen Egunak berotu zuen giroa, eta deskantsurako egun baten ondoren, bihar eguerdiko 12:00etan botako dute hasierako itxaferoa herrian zerbitzu pribatuak eskaintzen dituztenek. Hain zuzen, Ximon Apezetxea harakinak botako du.
Horren aurretik, Altsasuko gazteen aldeko argazkia eginen dute, gazteek deituta. Eta ondoren, txosnen irekiera brindisa izanen da.
Aurreneko toparekin jarraituko dute hurrengoek; Gazte poteoa izanen baita segidan, eta orduan hasiko da herria girotzen. Bazkaria eginen dute ohi bezala, ikastolan; eta bazkalostean Goizu-Prix jolasa eginen dute.
Arratsaldeko 19:30etan, Umore Ona peña ikastolatik abiatuko da txarangarekin. Jaraian eginen dute bigarren txupinazoa; oraingo honetan, gazteena. Eta musikarekin bukatuko da eguna, ordu txikitan: dantzaldia izanen da Gabezin taldearekin 23:00etan, eta ondoren, Igandea txaranga.
Kamixetak, goizean
Gazte Eguneko kamixeta ez daukanak bihar izanen du hartzeko azkeneko aukera Plazan; 10:30etatik 11:30etara izanen dira bertan.