Bukatu da Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Udaleku Ibiltarietako bigarren txanda ere. Atzo bueltatu ziren etxera, 6 egun elkarrekin pasa dituzten 46 gaztetxoak, 5 begiraleak eta sukaldaria. Leitza, Uitzi eta Lekunberrin barrena ibili dira, eta taldean, «elkarrenganako jarrera oso ona» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Gaztetxoek ere ederki pasa dutela aitortu dute.
«Otso bat ikutu dugu!»
Gaztetxoetako batzuek Kronikari azaldu diote errekan bainatzea gustatu zaiela gehien. Aurten, Kaxkardi Elkartekoekin batera piraguismoa ere egin ahal izan dute.
Bestelako abenturak ere aipatu dituzte: «otso bat ikutu dugu! Benetakoa! Baina etxekotua...», argitu dute azkar, gurasoen izu aurpegiaren aurrean.
Gainontzean, lagun berriak egin izana, egindako hainbat jolas eta broma gauak, eta azken momentuko aldaketak medio, gutxiago ibili izanarekin, errepikatzeko gogoz etxeratu dira.