Bigarren urtea du Oihana Albisu Iparragirrek Hernaniko Turismo Txabolako arduradun gisa. Aurten, «uztaila oso ona» izan dela onartu du, eta abuztuan, aldiz, jaitsiera nabaritu dela.
Atzerritar gutxiago; Estatukoak, berdintsu
Nahiz eta bi aste geratzen diren iraila hasi, eta udarako denboraldiari bukaera emateko, hainbat datu aurreratu ditu Albisuk: «2017arekin konparatuz, atzerritar gutxiago izan da; Estatukoak, aldiz, berdintsuak izan dira».
Uztailean, denera, 194 pertsonek egin dute kontsulta Hernaniko Turismo Bulegoan. Abuztuko datuak oraindik ez daude, hilabetea bukatu ez delako. Orain artekoa kontuan hartuta, %53a Estatuko herritarrak izan dira; %27a, hernaniarrak; %13a, atzerritarrak; %5a, gipuzkoarrak; %2a, bizkaitarrak; eta %1a, nafarrak.
Bitxikeria gisa, Turismo arduradunak adierazi du arabarrik ez dela izan, baina oraindik agertu daitekeela baten bat.
Hernaniar kopurua, haundiagoa
Aldiz, Albisu gehien poztu duena da bisitak egiten dituzten hernaniar kopurua haunditu egin dela: «Hernaniko jendea animatu da bere kanpoko senideekin batera bisitak egitera. Hasiera batean laguntzera etortzen direla diote, baina harritu egiten dira. Zure herria turista bazina bezala ikustea oso positiboa da. Niri bereziki polita iruditzen zait».
Perfil horietaz gain, nabarmentzen dira: Estatutik, bikote gazteak eta familiak, bereziki Kataluniatik; eta atzerritik, bikote helduak, batez ere frantsesak eta ingeles batzuk ere bai.
Eta bertaratzearen arrazoia izaten da, Albisuk azaldu bezala, herritik pasatzen ari direla, edo bertan lo egiten dutela. Orokorrean dio: «azken finean, kostatik ateratzen den jendea da, beste turismo mota bat bilatzen duena, kulturalagoa». Horiek, hain zuzen, eguraldiari ez diote gehiegi begiratzen; dena den, txarra egiten denean nabaritu egiten dela dio Oihana Albisuk.
«Azken finean, kostatik ateratzen den jendea da, beste turismo mota bat bilatzen duena, kulturalagoa».
«Donostiako bulegoan informazioa dagoela nabaritu da»
Aurten ere beste aldaketa bat izan dela nabarmendu du Turismo Bulegoko langileak: «Donostiako Bulebarreko bulegoan informazioa badagoela nabaritu da; jendeak badaki nora datorren», dio San Sebastian Region markaren landutako informazioari buruz.
Aldaketa txikiak, bisitetan
Hauek eta besteak asetzeko, hain zuzen, aldaketa txikiak sartu dituzte, aurten, bisita gidatuetan: «edukia berritzen saiatu gara, nahiz eta bisita erdigunetik izan, leku beretik. Aldaketak gehien bat izan dira historiari dagokionean, bitxikeriak sartu dira...», azaldu du.
Horregatik, gogorarazi nahi die hernaniarrei eta baita bertaratzen direnei, oraindik bi aste geratzen direla bisita gidatua egin nahi duenarentzat: «uztaila, abuztuan eta txotx denboraldian dohainik izaten da», gogorarazi du.
Hortaz, herria turista bazina bezala ikusi nahi baduzu, idatzi edo deitu: turismoa@hernani.eus helbidera edo 943 33 70 28 telefonora.
Kardaberazen txoko ezezagunenak gogoan, bisita gidatuan
Hernanin jaio zen Agustin Kardaberaz Elgorriaga 1703an; egun Andre Kale 58 zenbakia dagoen lekuan, lehen Kardaberaz kalea zena. Garrantzia haundiko herria izan zen bere bizitzan Hernani, eta bertako txokoekin zeukan lotura azaltzeko, bisita gidatua egin zuten duela astebete Agustin Kardaberaz 3. milurtean proiektuaren baitan. Kale Nagusiko gurasoen etxea, Agustindarren eliza, Leoka labaderoa... bisitatu zituzten. Hamartik gora herritar bildu ziren, Joxe Mariren azalpenak entzuteko gogoz. Gainera, Hernani bisitatzeaz gain, Donostian eta Azpeitian ere egin dituzte bisitak.