iGANDEAN itxi zen Donostiako 53. Heineken Jazzaldia, «kalitate artistiko gorena eta entzuleen harrera sutsua» lortuta, antolatzaileen esanetan.
Kalitatezko musikarien artean ez da falta izan hernaniarrik. Hain zuzen, itxiera egunean, Txikijazz ekimenaren barruan hartu zuen parte Nahia Vallek, eta Txikijazz Big Bandak emandako kontzertuan abestu zuen. Jazzaldiari dizdira atera zion kontzertuetako bat izan zen, bestalde, Gregory Porterrek Kursaalean emandako itxiera kontzertua. Orkestrak lagunduta abestu zuen, eta bertan izan ziren, saxofoia jotzen, Aritz Ostolaza, Roberto Pacheco eta Judith Montero hernaniarrak.
Bestalde, Ainara Ortega abeslari hernaniarrak ere hainbat kontzertu eman ditu aurtengo Jazzaldian: Iñaki Salvador piano-joleak moldatutako Mikel Laboa Oroimenez emanaldian hartu zuen parte, batetik, eta bestetik, bi emanaldi eman zituen, Ainara Ortega Quartet izenburupean. Hurrengo egunetan lanean segi du, abeslariak.