Hamabostaldia deitzen bazaio ere, hilabete osoa musikaz betetzen du Donostiako Musika Hamabostaldiko egitarauak. Gaur emango zaio hasiera, doan eskainiko diren hainbat emanaldirekin. Hila bukatu arte ere, dozenaka emanaldi izango dira, debaldekoak batzuk, eta ordainpekoak besteak, Donostian bertan eta Gipuzkoan barrenako beste hainbat herritan; baita Hernanin ere.
Musikariak ere mundu osotik etorritakoak izaten dira, eta aurtengoan hernaniarrak ere izango dira tartean.
Txistu Triorekin gaur, Haritz Ezeiza
Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79garren edizioari hasiera emateko eguna, Inaugurazio Eguna da gaurkoa, eta bertan hartuko du parte Haritz Ezeiza txistulari hernaniarrak, Txistu Trio hirukoteak doan emango dituen bi kontzertuetan. Donostiako Miramar Jauregian joko dute aurrena, 12:00etan, eta Urdaneta Kalean gero, 18:00etan.
Hirukote hau lehenago Hernanin ikusteko aukera izan zen; hain zuzen, Haritz Ezeizak Musikenen Goi Mailako txistu ikasketak bukatzeko prestatutako gradu amaierako kontzertuaren aurrerapena eskaini baitzuen ekainean, udaletxean. Berarekin jo zuten obra bat, gaurkoan Txistu Trio osatuko duten Peio Irigoyen eta Oskar Ovejero ikaskideek.
Gaurkoak, debalde
Emanaldi gehiago ere izango da gaurko Inaugurazio Eguna osatzeko; denak, debalde.
Batetik, Musika Hamabostaldi honetako kartela egin duen Juan Luis Goenaga artista ezaguna eta David Six piano jolea elkarrekin ariko dira Kursaalen. Era berean, Cuarteto Idomeneo udaletxean ariko da.
Musikari gazteak sustatzeko Hamabostaldiak duen programari lotuta ariko da Txistu Trio, Quinteto Alaia bezala.
Bestalde, Pablo Sorozabal omenduko du Easo Araoz Abesbatzak, edo Uniquart Dance Companyren emanaldia ikusteko aukera izango da.
Horrez gain, urtero bezala, Hamabostaldi Solidarioaren pean, ohiko zirkuituetatik at geratzen diren lekuetan ere izango da musika; Zahar Etxetan izango dira hiru emanaldi. Eguneko azken biak, berriz, San Telmon eta Alde Zaharrean izango dira
Hainbat ziklo
Inaugurazio Egunetik aurrera, hila bukatu arte dozenaka emanaldi izango dira, ziklo desberdinetan banatuta. Organo zikloko kontzertua bat Hernanin izango da, adibidez, hilaren 8an.
Programa osoa ikusi eta sarrerak erosteko, bisitatu www.quincenamusical.com webgunea.
MUSIKA HAMABOSTALDIA - INAUGURAZIO EGUNA
- Paula Iragorri (mezzosopranoa), Haizea Muñoz (sopranoa) eta Amaia Zipitria (pianoa). Berra Zaharren Egoitza, 11:30. Zorroaga Zaharren Egoitza 17:30.
- David Six (pianoa), eta Juan Luis Goenaga (margolana zuzenean). Kursaaleko Foyer-a, 12:00.
- Quinteto Alaia. Konstituzioa Plaza, 12:00. Gipuzkoa Plaza, 17:30.
- Txistu Trio. Miramar Jauregia, 12:00. Urdaneta kalea, 18:00.
- Cuarteto Idomeneo. Udaletxeko pleno aretoa, 12:00.
- Son pa bailar. Aldakonea Zaharren Egoitza, 17:00.
- Easo Araoz Abesbatza. Udaletxeko pleno aretoa, 18:00.
- Uniqart Dance Company. Udaletxeko terrazak, 19:00.
- Kantu errezitala. San Telmo, 20:30.
- Schola Gregorianista Donosti Ereski. San Bizente eliza, 20:30.