Goizeko zaparradak ez zituen hernaniarrak kikildu, eta Santa Barbarara herritar ugari igo zen atzo, San Inazio eguna ospatzera. Herri kiroletan ikaragarrizko giroa sortu zuten, gazteen taldean, Aritz Esnal, Beñat Goenaga eta Aimar Iradik, eta zaharrenean, Juan Esnal, Mikel Loidi eta Ane Arrozpidek. Parekatuta ibili arren, gazteak atera ziren garaile; baita ondorengo korrika saioan ere. Hala ere, 12 bueltak egin ote zituzten zalantzan geratu zen... Umore eta giro onik ez zen falta izan egun osoan, bazkaritan, bertsolari eta trikitilariekin, txokolatadan... Antolatzaileak ere pozik, datorren urterako gazteak eta neskak herri kiroletarako animatzeko dei egin dute.