«Egun seinalatua zen San Inazio; denak Santa Barbarara igo, eta hutsa geratzen zen herria»

Kronika - Erredakzioa 2018ko uzt. 31a, 02:00

Gutxik ezagutuko dute Antton Garinek bezain ondo, San Ina­zio egunean Santa Barbaran ospatzen den jaia. Gaur beteko dira 40 urte, aurrenekoz aritu zela han bertsotan, eta ordutik urtero kantatu du. «Koadrila bat igotzen ginen, denak herri­koak, eguerdiko erakustaldira: Joxe Mari Ormazabal Tturko, Joxe Mari Mu­jika Anatx, Argi­ña­rena, Aris­torena, Ju­li­an Ezeiza Aterpe eta ni, bertsotan; Pakito eta Kinito harri jaso­tzen; eta Larrabide, Pikabea eta Zugasti aizkoran», gogoan du Ga­ri­nek. Talde hori, Her­na­nin gal­du xamar ze­goen ber­tso­laritza ber­pizteko osatu zuten, eta txi­kiteoetan eta auzoko fes­tetan aritzen ziren. Bertsolaritzaren berpizte ho­rre­tan, nabar­men­du du Juanjo Uriaren laguntza haundia.

«Gu Santa Barbarara igotzen hasi baino lehen, Enbei­ta­ta­rrak etortzen ziren Bizkaiatik urtero, bertsotan aritzera. Bai­na etortzeari utzi, eta guri dei­tu zigun Anjel Osa antola­tzai­leak. Ordutik, urtero-urtero».

Juxtu aurten da 40 urte
Santa Barbara iyua,
kuadrila ederra San Inaziotan
kantua eta bertsua.
Mendi horrek e oraindikan e
badauka ze kontatua,
urtiak zahartu gerade eta
laister gea retiratuak.
Mila esker denoi bihotz-bihotzez,
zuengatik ez nago ahaztua,
egiya esan banijua ta
begiyan iya malkua.

Antton Garin

Baina bertsotara joan bai­no askoz ere lehenago, txiki-txi­ki­tatik igotzen zen Antton Garin Santa Barbarara, «korrika ba­te­an», eta San Inazio egunean ez du sekula huts egin: «lehen, ohitura zen bazkariarekin igo, eta zuhaitzen baten azpian fa­milian bazkaltzea. Egun oso­ra­ko geratzen ginen bertan. Egun seinalatua zen San Inazio Her­nanin; denak Santa Barbarara igo, eta hutsa geratzen zen he­rria. Orain asko galdu du; jen­deak lehen Hernanin egiten zi­tuen oporrak, eta orain kan­pora joaten dira».

«Apaizari ziria sartzen aritzen ginen bertsotan»
Hainbeste urtetan, anekdotak ere gordeta dauzka Garinek. Go­goan du, apaizari, bere ser­mo­iean, ziria sartzen aritzen zitzaizkiola, bertsotan; «baina ez zen haserretzen». Eta gogo­an du, baita ere, urte batean se­ku­lako euri jasa eta trumo­iak hasi, eta korrika ba­te­an jaitsi zirela denak: «Peña Otañon egin genuen bazkaria, eta arra­tsal­dean atertuta, so­zie­dade au­rre­an, herri kirol erakustaldia». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!