Abuztuan astean hirutan ematen du Oriamendik, erremonteaz gozatzeko aukera, Galarretako frontoian, eta gaur, San Inazio egunarekin emango zaio hasiera ziklo horri.
Arratsaldeko 16:00etan hasita, lau partidu jokatuko dira. Tartean, Barrenetxea IV hernaniarrak jokatuko du estelarrean, eta bestalde, buruz buruko txapelketako prebia ere jokatuko da, jaialdia ixteko.
Beteranoak eta gazteak
Gaurko lau partiduetako aurrenekoan, Zubiri goizuetarrak Eloyrekin osatuko du bikotea, eta Etxarri eta Larrañagari egin beharko diete aurre.
Segidan jokatuko du Barrenetxea IV hernaniarrak. San Fermin Torneoan bezala, Juanenea izango du bikote. Azken partidua galdu zuten ordukoan, baina indar eta kolpe haundiko erremontistak direla erakutsi zuten. Aurrez aurre izango dituzte, ordea, Urriza eta Agirrezabala beteranoak.
Hirugarren partidua, Ezkurra II-Azpiroz eta Urtasun-Ionen artekoa izango da, eta gaurko jaialdia ixteko, buruz buruko txapelketako prebia jokatuko da: Segurola eta Ansa II izango dira aurrez aurre.