Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da gaur Lekeition, eta bertan izango da Hernaniko Maialen trainerua.
Bultzada berri batekin ekingo diote, gainera, gaurko estropadari, Hernaniko neskek, igandeko Loiolako bateletako bandera etxeratzea lortu ondoren.
Bandera etxera, bigarren aldiz
Loiolako San Inazio jaietako batel estropada jokatu zen igande arratsaldean, Loiolatarra arraun elkarteak antolatuta, eta bertan aritu ziren Hernaniko neska jubenilak. Hain juxtu, emakumeen XVII. bandera irabazita etxeratu zen Baldo batela, 8 minutu eta 59 segundoko denbora eginda. Atzetik sailkatu ziren Orio A (9:09) eta Orio B (10:00). Gizonen bandera, berriz, Oriora joan zen.
Hernaniko neskak traineru denboraldian murgilduta dabiltza, eta garaipen honek indar berritua emango die gaur traineruarekin egin beharko duten probarako. Gainera, bigarren urtea izan da aurtengoa, Hernanik Loiolatarren bandera irabazi duena. Aurtengoan batela osatu dutenak izan dira Naia Urbieta, Aintzane Olaizola, Maitane Iraola eta June Torre; Ibai Apezetxea aritu zen patroi lanetan.
Lekeition gaur, traineruarekin
Neskek gaur izango dute hurrengo erronka: Maialen trainerua ureratuko dute Lekeition, Euskal Herriko Txapelketan.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da proba, eta Hernaniko trainerua aurreneko txandan aterako da.
Gaurkoa eginda, ETE Ligako estropadekin segiko dute, larunbatean, Pasaian.