Egun osoko festa izango da bihar Santa Barbaran San Inazioak ospatzeko. Bazkari herrikoia antolatu da aurten ere, Santa Barbara jatetxean bertan.
Eguerdiko 14:00etan jarri dute hitzordua, eta paella, entrekota, gazta tarta, kafea eta kopa izango dira bazkaritarako, 25 euroan.
Festa giroa jartzen hasiko direnak trikitilariak izango dira, goizeko 10:00etan; Iñaki eta Joxe ariko dira horretan. Ondoren, 11:30etan lore-eskaintza egingo da, eta Eli Pagola eta Iker Ormazabal Tturko bertsotan ariko dira. Txistulariak ere gertu ibiliko dira.
12:00etan, berriz, meza izango da Santa Barbarako ermitan, eta 13:00etan, herri-kirolak; Ane Arrospide eta Aimar Iradi ama-semeak ingudearekin erakustaldia egingo dute.
Bi talde ere ariko dira elkarren aurka. Aizkoran Juan eta Aritz Esnal aita-semeak eta txingan eta korrika Mikel Loidi eta Beñat Goenaga. Bazkalondorenean, 16:30etan, haur-jolasak eta txokolatada izango dira, eta 17:30etan, erromeria hasiko da. Herrira jaitsita bukatuko da festa, 19:00etan.