AZKEN urteetan jende gutxiago igotzen omen da Santa Barbarara, San Inazio egunean, eta usadio zahar hori berreskuratu nahi dute festaren antolatzaileek. «Ea jendea animatzen den. Egun polita izaten da eta oinez edo ahal den bezala hurbildu eta festaz gozatzeko ohitura ez dugu galtzerik nahi. Garai bateko giro jendetsu eta ederra berreskuratu behar da» diote festa hau urtero prestatzen dutenek.
Egun osoko festa izango da etzi. Bazkari herrikoia antolatu da aurten ere, Santa Barbara jatetxean bertan. Eguerdiko 14:00etan jarri dute hitzordua, eta paella, entrekota, gazta tarta, kafea eta kopa izango dira bazkaritarako, 25 euroan.
Bazkariaz gain, ordea, beste hainbat ekitaldia izango dira, egun osoan zehar.
Haur, gazte eta helduentzako egitaraua
Festa giroa jartzen hasiko direnak trikitilariak izango dira, goizeko 10:00etan; Iñaki eta Joxe ariko dira horretan. Ondoren, 11:30etan lore-eskaintza egingo da, eta Eli Pagola eta Iker Ormazabal Tturko bertsotan ariko dira. Txistulariak ere gertu ibiliko dira.
Eguerdiko 12:00etan, berriz, meza izango da Santa Barbarako ermitan, eta 13:00etan, herri-kirolak; Ane Arrospide eta Aimar Iradi ama-semeak ingudearekin erakustaldia egingo dute. «Neskak bilatzen aritu gara, baina ez dugu besterik topatu. Ea datorren urterako animatzen diren» diote antolakuntzatik. Bi talde ere ariko dira elkarren aurka. Aizkoran Juan eta Aritz Esnal aita-semeak eta txingan eta korrika Mikel Loidi eta Beñat Goenaga.
Bazkalondorenean, 16:30etan, haur-jolasak eta txokolatada izango dira, eta 17:30etan, erromeria hasiko da. Herrira jaitsita bukatuko da festa, 19:00etan.